'The Killer Elite'
Zuzendaria: Gary McKendry. Aktoreak: Robert De Niro, Jason Statham, Clive Owen, Yvonne Strahovski, Dominic Purcell, Adewale Akinnuoye-Agbaje. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.
Izenburuak ederki laburbiltzen du filmak eskaintzeko duena. Goitik behera akziozko pelikula da Gary McKendry ezezagunak idatzi eta zuzendu duen hau. Halako pelikulak gustuko dituztenek izugarri gozatuko dute adrenalina gaindosiarekin, gainerakoek hobe dute bestelako film bat aukeratu. Aldeko duen gauzen artean, oso aktore ezagunak elkartu izana dago, Robert de Niro da horietatik nabarmenena, baina Statham eta Owen ere aski ezagunak dira. Operazio berezien taldeko hiru kide ohi dira protagonistak, urteetako erretiroa utzi beharko dute misio bati ekiteko.
'The Twilight Saga: Breaking Dawn - Part 1'
Zuzendaria: Bill Condon. Aktoreak: Kristen Stewart, Robert Pattinson, Taylor Lautner, Anna Kendrick, Peter Facinelli, Dakota Fanning. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 105 min.
Cullendarren amaieraren hasiera da film hau. Hasiera besterik ez, Harry Potterrek erabili zuen estrategia bera baliatu baitute ekoizleek saila are errentagarriagoa egiteko: azken filma bi zatitan banatu dute. Sekretua mantentze aldera, ez dute istorioaren inguruan gauza handirik aurreratu, baina ez da sobera zaila asmatzea laugarren honek nondik joko duen: diseinuzko banpiroen eta gizotsoen arteko liskarrak gaiztotu egingo dira. Sexu tanta batzuek ere zipriztinduko dute protagonisten artekoa. Zuzendari berria du sailak: Bill Condon,Gods and Monsters bikainaren egilea.
'Medianeras'
Zuzendaria: Gustavo Taretto. Aktoreak: Pilar Lopez de Ayala, Javier Drolas, Ines Efron, Carla Peterson, Rafael Ferro. Herrialdea: Argentina. Urtea: 2011. Iraupena: 94 minutu.
Hemen da hileroko zinema argentinarraren dosia. Amaitu berri den Seminci zinemaldian aurkeztu du Tarettok bere azken pelikula. Saririk ez du lortu, baina izan dituen kritika onek lagundu dute filmaren estreinaldi komertziala bideratzen. Komedia erromantikoa da Medianeras, Mariana eta Martin elkarrengandik oso gertu bizi dira Buenos Airesen, baina ez dute inoiz topo egiten. Mariana arkitektoa da, Martinek webguneak diseinatzen ditu; gauza komun asko dituzte, baina beren bideek ez dute bat egiten. Elkartzen dituen hiriak, era berean, banatu ere egiten ditu.