Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

'Cinco metros cuadrados'



Zuzendaria: Max Lemcke. Aktoreak: Fernando Tejero, Malena Alterio, Manuel Moron, Secun de la Rosa, Emilio Gutierrez Caba, Jorge Bosch. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 91 minutu.

Gaurkotasun handiko gai bat jorratu du Max Lemckek bere film berrian: krisialdi ekonomikoaren ondorio lazgarriak. Ez da salaketa sozial bat egin naui duen istorio bat, egunerokoan zer-nolako eragina duen azaldu nahi duena baizik. Alexek eta Virginiak pisu bat erosiko dute hiri handi bateko aldirietan. Erostekorakoan ez dago deus eraikia, dena plano gainean egin dute. Etxebizitza jasotzeko hilabete batzuk falta direnean, lanak geldituta daudela jakinen dute. Kaltetutako guztiak elkartzen hasiko dira, baina laster egoera jasangaitza bihurtuko da. Fernando Tejerok aktore onenaren saria jaso zuen Malagan. Lemckeren hirugarren filma da.

'La guerre des boutons'



Zuzendaria: Christophe Barratier. Aktoreak: Guillaume Canet, Laetitia Casta, Kad Merad, Gerard Jugnot Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 100 min.

Filmaren bigarren remake-a da hau. Jatorrizkoa Yves Robertsek egin zuen, 1962an. 1994an britainiarrek beren bertsioa egin zuten, John Robertsen eskutik. Eta berriro ere frantziarrek hartu dute. Louis Pergauden eleberri batean oinarrituta dago, eta bi gaztetxo talderen arteko liskarrak biltzen ditu. Longevernekoak dira batzuk, Velranekoak besteak. Haien artean beti izan da gainditu ezinezko gorrotoa. Gerra horren erdian mutiko batek ideia bat izanen du: arerioei botoiak kenduko dizkiete, eta biluzik itzuli beharko dute. Hortik aurrera botoiak garaipenaren ikur bihurtuko dira. Barratierrek Les choristes film ezaguna zuzendu zuen 2004an.

'Dolphin Tale'



Zuzendaria: Charles Martin Smith. Aktoreak: Harry Connick, Jr., Ashley Judd, Kris Kristofferson, Morgan Freeman, Nathan Gamble. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 113 minutu.

Eguberriak hurbiltzen ari diren honetan, familia giroan ikusteko aproposak omen diren pelikulak ailegatzen hasi dira pantailetara. Honako hau ekologismoaren eta adiskidetasunaren balioak sustatu nahi dituen pelikula dugu, bestelako asmorik gabekoa. AEBetako kostaldean sare batean harrapatuta gelditu den izurde bat aurkituko dute. Eri dago animalia, eta akuario batera eramanen dute, han osatu dadin. Bitarte horretan, izurde baten eta haur baten artean harreman berezia sortuko da. Pelikulak hainbat aktore beterano ezagunen parte hartzea du, hala nola Morgan Freeman eta Kris Kristofferson.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.