'Verbo'
Zuzendaria: Eduardo Chapero-Jackson.
Aktoreak: Alba Garcia, Miguel Angel Silvestre, Najwa Nimri, Veronica Echegui, Macarena Gomez.
Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011.
Iraupena: 87 minutu.
Egin dituen hiru film laburrei esker, Eduardo Chapero-Jackson zuzendariak prestigio nahikotxo eskuratu du. Bereziki, horietatik azkenak, hau da, Alumbramiento-k eman dizkion sari ugariek egin dute espainiarra ezagun. Orain, formatu luzera egin du salto, Verbo izeneko film honekin; aurreko lanak bezalaxe, hau ere genero fantastikoaren barruko istorioa da. Sarak ez du guztiz ulertzen bizi den mundua, eskapatzen zaion zerbait gehiago izan behar duela uste du. Bizitzari esanahirik aurkitu nahian, mundu ilun eta misteriotsu batean sartuko da gaztea, baina inguru horretan bizirik egotetik hilik egotera urrats txiki bat besterik ez dago.
'Tower Heist'
Zuzendaria: Brett Ratner.
Aktoreak: Ben Stiller, Tea Leoni, Eddie Murphy, Matthew Broderick, Casey Affleck, Michael Peña, Alan Alda. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 107 min.
Berez, Ben Stiller agertzen da pelikula honetako protagonista nagusi gisa, baina haren izena ez da inolaz ere Tower Heist-ek duen amu bakarra. Haren ondoan Casey Affleck laguna du, eta harekin batera orain dela urte batzuk aski ezagunak ziren hainbat aktore erdi ahaztu: Eddie Murphy, Mathew Broderick eta Alan Alda. Horiek guztiak Brett Ratneren aginduetara jarri dira; zuzendari horren meriturik handiena Jackie Chanen luzimendurako Rush Hour izeneko saila sortu izana da. Film berri honetan langile talde bati iruzur egin die nagusiak, eta mendeku hartu nahian langileek haren etxean lapurreta egitea erabakiko dute.
'Footloose'
Zuzendaria: Craig Bewer.
Aktoreak: Kenny Wormald, Julianne Hough, Dennis Quaid, Ziah Colon,Ray McKinnon, Miles Teller.
Herrialdea: AEB. Urtea: 2011.
Iraupena: 113 minutu.
Herbert Ross zuzendariak ezusteko arrakasta lortu zuen 80ko hamarkadaren hasieran dantza eta rock kulturaren inguruko film kaskartxo batekin. 1983. urtea zen, Kevin Bacon zuen protagonista eta pelikularen izenburua Footloose zen. Orain, Hollywoodek ahanzturaren kontra abiatu duen gurutzadari esker, horren remake-a egin du Craig Bewerek. Protagonistak bai, baina istorioa ez da batere aldatu; AEBetako herri bateko gazteei rock-and-rolla dantzatzea debekatu diete. Bertara rock musika izugarri maite duen gazte bat ailegatuko da, eta hari esker debeku horren kontra hasiko dira borrokatzen herriko gazteak.