Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun

'The Resident'



Zuzendaria: Antti Jokinen. Aktoreak: Jeffrey Dean Morgan, Hilary Swank, Christopher Lee, Lee Pace, Aunjanue Ellis, Michael Massee, Penny Balfour. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2011. Iraupena: 88 minutu.

Iragan mendearen erdialdean Hammer Films ekoiztetxea beldurrezko generoaren Europako ikono nagusia izan zen. Horren ostean, gainbeheran etorri zen, B mailako film erotikoak egiten bukatzeraino. Berriki, Hammer berpiztu dute, eta garai batean izan zuen distira ematen saiatzen ari dira, orain arte zorte handiegirik gabe. Jokinenen lehen film luzeak beldurrezko azpigenero ezagunetako bat landu du: emakumezko bat hiri handi bateko etxe batean bizi da, bakarrik, eta berehala hasiko da ezezagun baten jazarpen beldurgarria. Hillary Swanken parte hartzea da filmak duen amu nagusia.

'The Green Lantern'



Zuzendaria: Martin Campbell. Aktoreak: Ryan Reynolds, Peter Sarsgaard, Blake Lively, Tim Robbins. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 105 min.

DC Comics eta Marvel ari dira superheroien armairu zabala guztiz husten, eta honakoa da lehenak berreskuratu duen azkena. Protagonista Hal Jordan da; lanbidez pilotua, makina berriak probatzen ditu. Egun batean, hiltzear den estralurtar batek botere harrigarriak emanen dizkio. Hor hasiko da bere abentura, Linterna Berdea izeneko erakunde sekretu baten agindupean hasiko baita. Haien helburua unibertsoko bakeari eustea da, eta, arrisku bizian ikusi dutenez, Jordanengana jo behar izan dute. Horrek Parallax izeneko etsaia menperatu beharko du. 007 saileko pare bat film zuzendu ditu Martin Campbellek.

'The Smurfs'



Zuzendaria: Raja Gosnell. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 98 minutu.

1958. urtean Pierre Peyo Cullifordek pottokiak sortu zituen. Orduz geroztik, ia mundu osoan egin dira ezagun izaki txiki urdinak. Telesailak, ipuinak, jostailuak, bideojokoak, komikiak... molde guztietan ezagutu ditugu, eta orain pantaila handira egin dute salto, animazio film batean. Hiru dimentsioetako teknika erabili izana da filmak duen berrikuntzarik handiena, gainerakoa nahiko ezaguna baita. Gargamel azti gaiztoak pottokien herrixka aurkituko du; horren ondorioz, presaka eta korrika ihes egin beharko dute. Horrela, gure munduan agertuko dira, hain zuzen ere Central Parken. Hor ere Gargamel izanen dute atzetik, eta pottokiek bikote baten etxean ezkutatzea erabakiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.