Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

'The other woman'

Zuzendaria: Don Roos. Aktoreak: Natalie Portman, Scott Cohen, Lisa Kudrow, Lauren Ambrose, Charlie Tahan.Herrialdea: AEB. Urtea: 2009. Iraupena: 119 minutu.

Black Swan-ekin aktore onenaren Oscar saria irabazi berri du Natalie Portmanek, eta horrek zeharkako ondorio kuriosoa ekarri du: azken hilabeteotan Portmanen hiruzpalau film estreinatu dira ia segidan. Zein da arrazoia? Garai hiperaktiboa bizi izan duela aktoreak? Hori baino errazagoa da: sari ospetsu horren arrimuan, ahanzturaren kutxan gordeta zeuden hala moduzko pelikula batzuk berreskuratzeko baliatu dituzte estudioek. Hauxe da horietako bat, Don Roosen laugarren film luzea, Ayelet Waldmanen eleberri batean oinarrituta dagoena. Emilia bere nagusi ohiarekin ezkondu berri da, hark bere aurreko emaztearengandik bereizi ondoren. Ezkonberriei dena ongi doakie, harik eta jaio berri den alaba galduko duten arte.

'Scusa ma ti voglio sposare'

Zuzendaria: Federico Moccia. Aktoreak: Raoul Bova, Michela Quattrociocche, Francesco Apolloni, Luca Angeletti, Cecilia Dazzi, Ignazio Oliva, Francesca Ferrazzo, Francesca Antonelli. Herrialdea: Italia. Urtea: 2010. Iraupena: 106 min.

Orain dela hiru urte Scusa ma ti chiamo amore komedia arina egin zuen Federico Mocciak. Filmak arrakasta handia lortu zuen, batez ere Italian. Horiek horrela, bigarren parte bat egitea erabaki zuen zuzendariak, eta aurreko bikote protagonista berarekin segida eman dio istorioari. Alex (Raoul Bova) eta Niki (Michela Quattorciocche) inoiz baino maiteminduago daude, Blu irlatik etorri berriak dira eta haien egunerokoetara itzultzea tokatuko zaie. Nikik betiko lagunengana joko du, baina haien artean izan diren hainbat kontu direla medio, taldearen adiskidetasuna kolokan da. Alexenean ere gauzak ez daude bare, Flavio, Enrico eta Pietroren harremanek ez baitute momentu gozoa bizi.

'Winnie the Pooh'

Zuzendariak: Stephen J. Anderson, John Hall. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 73 minutu.

Hogeita hamabost urte pasa direnean, Disney etxeak bere klasikoetako bat errekuperatzea erabaki du. Nonbait, John Lasseterrek eta Pixarrekoek Disneyra itzuli zirenean Poohren abenturak berreskuratzea proposatu zuten. Hasiera batean, pelikula laburrak izan ziren 60ko hamarkadan estreinatu zirenak, baina egundoko arrakasta izan zutenez, horiek bilduta pelikula luze bat egin zuten 1977an. Animazio digitala baztertuta, eskuz egin dira filmeko marrazki guztiak, garai batean egiten ziren moduan. Eta istorioa ere nahiko oinarrizkoa da, egun bakar batean gertatzen da, hartz bat eztiaren bila ateratzen denean. Hartz hori Pooh maitagarria da; harekin batera beste pertsonaia batzuk aurkezten dizkigu pelikulak: Tigger, Rabbit, Piglet, Kanga, Roo...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.