Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun

'Limitless'



Zuzendaria: Neil Burger. Aktoreak: Bradley Cooper, Abbie Cornish, Robert De Niro, Anna Friel, Andrew Howard, Johnny Whitworth. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.

Robert De Nirok bigarren mailako rol bat jokatzen du Neil Burgerren azken film honetan, Bradley Cooperri utzi baitio protagonismoa. Hala ere, bere izenak thriller hau ikustera joateko amu nagusia da. Cooperrek New Yorken bizi den eta sormen krisi batean murgilduta dagoen idazle batena egiten du. Droga berezi bat probatuko du, eta hortik aurrera akabo arazoak. Arrakasta handiko idazle bihurtuko da, pilula berri horri esker. Baina Wall Streeteko bankari boteretsu batek jakin nahiko du zein den idazlearen arrakastaren giltza, eta ikertzen hasiko da. Orain dela bost urte Burgerrek The Illusionist egin zuen Robert Norton eta Paul Giamattitekin, baina orduz geroztik zuzendari horrek ez du aukera askorik izan.

'Rien à déclarer '



Zuzendaria: Danny Boon. Aktoreak: Benoît Poelvoorde, Dany Boon, Chritel Pedrinelli, Karin Viard, Julie Bernard, François Damiens, Bouli Lanners. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 108 min.

Bienvenue chez les Ch'tis komediarekin izan zuen arrakasta handiaren ostean, hemen da Danny Boonen komedia berria. Zuzentzeaz aparte, Boonek berak gidoia idatzi eta rol protagonistetako bat jokatu du. 1993ko urtarrilaren 1ean Mendebaldeko Europa barneko muga guztiak desagertu ziren. Politikariek izugarrizko albiste ona dela zabaldu dute, baina Ruben Vandervoordek eta Mathias Ducatelek ez dute horren argi ikusten. Biak aduanako poliziak dira: lehena frantsesak gorrotatzen dituen belgikarra da, eta bigarrena, berriz, Rubenen etsai amorratua, haren arrebarekin maiteminduta dagoena. Mugak desagertzean, arriskuan ikusiko dute beraien etorkizuna, eta denen harridurarako bat egitea erabakiko dute.

'Drive Angry 3D'



Zuzendaria: Patrick Lussier. Aktoreak: Nicolas Cage, Amber Heard, William Fichtner, Billy Burke, David Morse, Katy Mixon, Christa Campbell. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 104 minutu.

Drakularen gaineko hiru remake lotsagarri (Dracula 2000, Dracula II: Ascension eta Dracula III: Legacy) eta beldurrezko beste pelikula pare bat filmatu ostean, Patrick Lussier zuzendaria abiadura handiko thriller honekin ausartu da. Gauza jakina da Nicholas Cage aktore estatubatuarrak bere herrialdeko ogasunarekin arazo franko dituela, beharbada horrexegatik ari da azkenaldi honetan gisa bereko horrenbeste pelikula egiten. Milton protagonistaren alaba hilko dute, eta haren biloba bahituko, eta segituan mendekua hartuko du. Errudunen bila abiatuko da tabernako zerbitzari baten laguntzarekin. Bilatze horretan, deabruaren laguntzailea den pertsonaia misteriotsu bati egin beharko diote aurre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.