Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun

'Battle: Los Angeles'



Zuzendaria: Jonathan Liebesman. Aktoreak: Aaron Eckhart, Michelle Rodriguez, Bridget Moynahan, Michael Peña, Ne-Yo, Ramon Rodriguez Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 116 minutu.

Hollywoodek azken urteotan behin eta berriz iragarri du apokalipsia, eta honako hau hamaikagarren abisua da. Zientzia-fikzioko generoaren berpiztearen barruan dago Liebesmanen laugarren film luzea. Oinarri historiko batekin jantzi nahi izan dute fikzioa gidoilariek: nonbait, 1942ko otsailean Los Angeles hiriaren kontrako erasoaldi saio bat izan zen. Herrialdea alarma egoeran zegoen, Pearl Harborreko erasoagatik, eta ustezko erasotzaileen kontra jaurti zituzten misilek ez zuten inolako emaitzarik izan. Hortik aurrera, gertaera hori top secret sailkapenaren barruan sartu zen, eta inork ez du gertatu zenaren berri zehatzik izan. Urteak igaro ahala, nahiko argi geldituko da filmean estralurtarren erasoaldi bat izan zela orduko hura.

'Je n'ai rien oublié'



Zuzendaria: Bruno Chiche. Aktoreak: Gerard Depardieu, Alexandra Maria Lara, Françoise Fabian, Niels Arestrup, Nathalie Baye Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 93 min.

Martin Suter idazle suitzarraren eleberri ezagun batean oinarritu da Bruno Chiche zuzendaria drama hunkigarri hau egiteko. Konrad Langek 70 urte beteak ditu, eta bere zaletasunei emana bizi da: pianoa, alkohola eta oroitzapenak. Gaztaroan, Lang Thomas Koch milioidunarekin harreman estua izan zuen, haren amak Koch familiaren zerbitzura egiten baitzuen lan. Baina hori iragana da, orain Elvira amak bere semearen ardura du. Halako batean, gaixotu eta garai horietako oroitzapen ezkutuak azalarazten hasiko dira, sekretu gordinak gordetzen dituelako. Gerard Depardieu da film honetako protagonista, eta bigarren mailakoen artean nabarmentzekoa da Nathalie Bayeren parte hartze beti interesgarria.

'¿Para qué sirve un oso?'



Zuzendaria: Tom Fernandez. Aktoreak: Javier Camara, Gonzalo de Castro, Emma Suarez, Geraldine Chaplin, Oona Chaplin. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2010. Iraupena: 94 minutu.

Malagako zinemaldia ireki zuen komedia espainiar honek. Javier Camara eta Gonzalo Castrok errepikatu dute Tom Fernandezen aginduetara, biek parte hartu baitzuten zuzendariaren lehen lan luzean,La torre de Suso-n (2007). Gisa berekoa da bigarren hau, funts handirik gabeko komedia topikoa. Alejandro eta Guillermo anaiak txikitatik egon dira naturarekin maiteminduta. Alejandro zoologoa da, eta bere lan egiteko moldea nahiko bitxia da, animalia baten gisara bizi baita. Guillermo, berriz, nazioartean ospe handia duen biologoa da, mundu osoan ibilia, baina sorterrira, Asturiasera, itzultzea erabaki du. Han Alejandro anaiarekin elkartuko da, eta biek batera esperimentu zoro eta zentzugabe bat hasiko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.