Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'Mugaldekoak'



Zuzendaria: Fernando Bernues,Mireia Gabilondo. Aktoreak: Mireia Gabilondo, Isidoro Fernandez, Matxalen de Pedro, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar, Iñaki Ricarte. Herrialdea: Euskal Herria. Urtea: 2010. Iraupena: 96 minutu.

Iaz telesaila moldean eman ondoren, orain filma ikusteko aukera dugu. Cométe sarearen inguruan egindako istorioa da, Larralde familiaren gorabeheren bitartez kontatua. Euskal herrixka bateko medikuaren emazteak, Irene Solagurenek, Cométe sarean parte hartzeko proposamena jaso du, hegazkinlari britainiarrak euskal lurraldetik barna pasatzeko eta hortik Erresuma Batura itzultzeko aukera izan dezaten. Solagurenek zalantza eginen du, familia errepublikazalea da berea, baina senarraren erreakzioari beldur dio. Giro horretan, Juan Larralde semea liskar larri batean sartuko da eta egoera are gehiago korapilatuko da. Filma iragan Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten.

'Mistérios de Lisboa'



Zuzendaria: Raoul Ruiz. Aktoreak: Adriano Luz, Maria João Bastos, Ricardo Pereira, Clotilde Hesme, Afonso Pimentel. Herrialdea: Portugal. Urtea: 2010.Iraupena: 266 minutu.

Ziur aski iazko Donostiako Zinemaldian eman zen pelikularik onena izan zen hau, baina nonbait bere iraupena traba handiegia izan zen Urrezko Maskorra lor zezan. Hala ere, Raoul Ruiz beteranoak zuzendari onenaren saria eskuratu zuen. Proiektu erraldoia aurrera eraman du txiletarrak: garai bateko foiletinen gisako pelikula bikaina egin du, eta hori gutxi balitz telebistarako are luzeegia den telesail bat prestatu du. Castelo Brancoren liburu batean oinarritu da, misterioa, mendekua, pasioa, abenturak eta askoz gauza gehiago dituen pelikula trinko bat egiteko. Pedro da Silva da protagonistetako bat, umezurtz-etxe batean bizi da eta hala edo nola pertsonaia gehienak bere patuari lotuta agertuko dira.

'The Roommate'



Zuzendaria: Christian E. Christiansen. Aktoreak: Leighton Meester, Minka Kelly, Cam Gigandet, Alyson Michalka, Matt Lanter, Billy Zane. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 93 min.

Pisua konpartitu duen edonork jakin badaki zein konplikatua den beste norbaitekin bizitzea. Abiapuntu hori du unibertsitate giroan gertatzen den film honek. Sara ikasle eredugarria da eta unibertsitatean denean, Rebecca izeneko ikaskide batekin pisua partekatzea erabakiko du. Hasiera batean dena ongi joanen da, bi gazteek elkar errespetatzen dute eta nahiko harmonia onean biziko dira. Baina egun batetik bestera egoera guztiz aldatuko da, eta Rebeccak kontu ilun batzuetan nahastuko du pisukidea. Hortik aurrera elkarbizitza infernu bilakatuko da. Christian E. Christiansenen laugarren film luzea da The Roommate; zuzendari horren aurreko lan guztiak batere oihartzunik gabe pasatu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.