ZINEMA. ESTREINALDIAK. Osabaren heriotza eta mamuak

Zientzia fikzioa eta herri sinesmenak batzen ditu Apichatpong Weerasethakulen 'Lung Boonmee raluek chat' filmak. Thailandiarraren azken lanak sari nagusia jaso du aurten Cannesko zinema jaialdian

Gotzon Agote
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Ohikoa denez, aurten ere goi mailako epaimahaia izan zuen Cannesko zinema jaialdiak. Tim Burton estatubatuarrak presidente lanak egin zituen, eta harekin, besteak beste, Victor Erize zuzendari bizkaitarra eta Benicio del Toro aktore eta ekoizle puertorricarra. Ustez munduko ekoizpenik interesgarrienak biltzen dituzte zinemaldi horretan, eta, hango eta hemengo filmak ikusi ondoren, urrezko palmorria nori eman nahiko argi izan omen zuten.

Behin erabakia hartuta, Burtonek lanak izan zituen jakinarazten, ez baita nolanahikoa zuzendariaren izena: Apichatpong Weerasethakul. Filmaren izenburua, berriz, Lung Boonmee raluek chat; euskarara ekarria, Boonmee osaba, iraganeko bizitzak gogoratzen edo. Cannesko sariak denen ahotan jarri zuen zuzendari thailandiarra eta haren lana, ordura arte nahiko ezezaguna zena.

Hala ere, Weerasethakul aspalditik kultuko zuzendaria zen, zinemaldiek mimatzen duten horietakoa. Eta ordurako bazekien zer zen Cannesen sariren bat eskuratzea, 2004an epaimahaiaren sari nagusia eraman baitzuen Sud pralad filmarengatik. Dena den, thailandiarrak egiten duen zinema molde ausarta ezagututa, inor gutxik espero zuen munduko zinemaldiko sari nagusia irabaziko zuenik.

Gaztea da Weerasethakul -berak nahiago du Joe goitizenaz deitzea, baina tira-; hortaz, haren ibilbidea ezin sobera luzea izan. Hamarkada batean sei film erditu ditu, nahiz eta beste proiektu batzuetan ere parte hartu duen. Oso garaikidea da haren jarduna; pantaila handirako filmak egiteaz gain museoetan, telebistetan, erakusketetan eta beste hainbat lekutan erakutsi izan ditu bestelako lanak ere.

Argi dago ez dela batere zinemagile komertziala. Alde horretatik, haren filmen hezurdura ez da ohikoa; askok David Lynch zuzendarirenarekin parekatu du haren lana. Egitura narratibo eta denbora klasikoa haustea gustuko du Weerasethakulek; soinuek garrantzi handia dute, eta hitz gutxikoak dira istorioak; errealitatearen eta fikzioaren arteko muga ezabatu ohi du, eta ingurumena -bereziki, oihana- beste pertsonaia bat da haren filmetan.

Osagai fantastikoak

Cannesen irabazi zuen filma mamu istorio berezi bat da. Zuzendariak horren gogoko dituen garai bateko zientzia fikzioko filmen eta Thailandiako herri sinesmenen arteko uztarketatik sortu da osaba Boonmeeren istorioa. Protagonista oso gaixorik dago, hilzorian, eta familiaren ondoan hil nahi duela erabakiko du, landan. Bere bizitzaz hausnartzen duen bitartean, mamuak agertzen hasiko zaizkio, emazte ohiarena eta desagertu zen semearena. Haiekin harreman bitxi bat hasiko du osaba Boonmeek, eta, haien atzean joanda, kobazulo batera ailegatuko da. Hori izan omen zuen lehen bizitzaren sorburua.

Irudien edertasuna eta fantasiazko mundu erreal baten deskribapena dira film harrigarri honen alde nabarmenetako batzuk. Horiekin batera, beste hainbat ezaugarri agertu ohi diraWeerasethakulen lanean. Esate baterako, zuzendariak beti aktore ez-profesionalekin egiten du lan. Osagai fantastikoak dituen filma izanda ere, zinemagile thailandiarrak ez ditu efektu bereziak erabili, nahiago izan du bere mamuei iraganeko itxura zaharkitua eman, zientzia fikzioko filmak aurrekontu txikiarekin egiten zirenean bezala.

Sari baten bultzadaz pantaila handietara iritsi den film hau aukera ezin hobea da Weerasethakulen filmografia deskubritzen hasteko. Orain arte 2006an egindako Sang sattawat zuen filmik ezagunena, arestian aipatutako Sud pralad-ekin batera. Eta kasu; thailandiarra oso zinemagile serioa izan arren, 2003an film ero bat egin zuen, super-heroi bat protagonista zuen komedia sailkaezina: Hua jai tor ra nog.

'LUNG BOONMEE RALUEK CHAT'

Zuzendaria: Apichatpong Weerasethakul.

Aktoreak: Thanapat Saisaymar, Jenjira Pongpas, Sakda Kaewbuadee, Natthakarn Aphaiwonk, Geerasak Kulhong, Kanokporn Thongaram.

Herrialdea: Thailandia.

Urtea: 2010.

Iraupena: 113 minutu.

Estreinaldia:Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Irailean estreinatu zuten Ipar Euskal Herrian.



Filmografia

'Dokfa nai meuman' (2000). Dofka Deabruaren eskuan esan nahi du, eta fikzioa eta dokumentala nahasten ditu. Lan esperimental eta surrealista da. Thailandiako landetatik Bangkokerako bidaia bat kontatzen du, eta bidean aurkitutako herritar batzuen hitzak jasotzen ditu.

'Sud sanaeha' (2002). Thailandiara legez kanpo immigratutako myanmartarra da Min, amodio istorio bateko pertsonaia nagusia. Ondoezik dago, baina ez da ausartzen medikuari zer duen azaltzen, bere egoera salatzeko beldurrez.

'Sud pralad' (2004). Edo Gaitz tropikala bi zatitan banatua dago. Lehenak bi mutil gazteren amodio istorioa du kontagai; bigarrenak Thailandiako oihanean galdutako soldadu batena. Epaimahaiaren sari nagusia jaso zuen Cannesen.

'Hua jai tor ra nong' (2003). Thailandian 70eko hamarkadan egiten ziren akziozko filmen eta film musikalen parodia zoroa da, ardatz nagusi super-heroi trabestitua duena.

'Sang sattawat' (2006). Zuzendariak gurasoei eskainitako filma da; bi zati ditu, eta zati bakoitza erietxe batean dago kokatuta: Thailandiako landakoa bata, Bangkok hiriburukoa bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.