Orain gutxi arte zinemaldietako zirkuituan zen batez ere ezaguna Chang-dong, baina duela hiru urteko Milyang filmarekin hesi hori hautsi eta ikusle multzo zabalago batengana ailegatu zen. Hala ere, zinemaldi nagusietan parte hartzen segitzen du zuzendari korearrak, eta film honek gidoi onenaren saria jaso zuen Cannesen. Gero, Donostiakoan ere aurkeztu zuten, Zabaltegi sailean, eta harrera nahiko ona izan zuen. Oraingo honetan, zahartzaroari begira jarri da. Mija herri txiki batean bizi da, eta biloba zaintzea du jardun nagusia. Herriko kultur etxeak antolatzen duen poesia ikastaroan izena eman eta poemak idazten hasiko da. Horien bidez, bizitzaren edertasuna hitzetara eraman nahiko du. Baina gertaera batek erakutsiko dio bizitza ez dela horren zoragarria.
'Takers'
Zuzendaria: John Luessenhop. Aktoreak: Hayden Christensen, Paul Walker, Zoe Saldana, Idris Elba, Matt Dillon, Johnathon Schaech, Jay Hernandez. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 107 minutu.Duela hamar urte lehen film luzea egin zuen John Luessenhop zuzendariak, kartzelan girotutako Lockdown iluna. Orduz geroztik, deus ez, hamar urteko isiltasun zinematografikoa, baina azkenean hemen da bigarren fruitua. Izenburuak nahiko argi uzten duen moduan, thriller-a da Takers, lapurreten inguruko film bat, hain zuzen. Lapur talde batek bankuak lapurtzeko modu ia perfektua aurkitu du, eta ez dago haiek harrapatzeko modurik. Betiko desagertu aurretik, azken kolpea ematea erabakiko du taldeak; 20 milioi dolarrekoa da amua. Baina azkena izan behar zen horretan ustekabeko zailtasunak aurkituko dituzte, batez ere polizia bat haien atzetik hasiko delako. Polizia hori Matt Dillon da.
'Entrelobos'
Zuzendaria: Gerardo Olivares. Aktoreak: Juan Jose Ballesta, Sancho Gracia, Carlos Bardem, Vicente Romero, Alex Brendemuhl, Eduardo Gomez. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2010. Iraupena: 96 minutu.Guztiz ikusgarria da film honetan Juan Jose Ballestak lortu duen itxura. Ilearen azpian, nekez ezagutzen ahal da garai batean El Bola izandako aktore gaztetxo hura. Marcos Rodriguezena egiten du, benetako gertaera batean oinarritutako film honetan. Haurra zenean, aitak artzain bati saldu zion semea, eta semeak harekin ikasi zuen naturan bizitzen: sua egitenn, ehizatzen, jana bilatzen, ahuntzak zaintzen... denetik ikasi behar izan zuen. Egun batean, artzaina desagertu, eta gaztea bakar-bakarrik geldituko da. Hortik aurrera, kobazulo batean aurkituko dituen otsoekin bizitzen ikasi beharko du. Gerardo Olivares zuzendari espainiarraren laugarren lan luzea da Entrelobos. Aurrekoa orain dela hiru urteko 14 kilómetros izan zen.