ZINEMA. ESTREINALDIAK. Truffauten film guztiak emango ditu Nosferatuk

Gaur hasi eta ekaina bitarte, 21 film luze eta hiru labur emango dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
François Truffaut frantses zinemagilearen ia filmografia osoa emango du Nosferatuk Donostiako Antzoki Zaharrean, gaur hasi eta ekainera bitarte, François Truffaut, zinemarako grina zikloa osatuko duten 21 saioetan. Saio bakoitzean film luze bana ikusiko da, eta hiru saiotan film labur bana gehituko zaio film luzeari. Ohi bezala, zikloaren izenburu bera izango duen liburu bat argitaratuko du Nosferatuk. Carlos Losillak koordinatu du, kasu honetan, liburua.

Gaurko emanaldian, 20:15ean hasita, Les quatre cents coups emango dute, Truffauten aurreneko film luzea, 1959ko maiatzean Cannesko zinema jaialdian estreinatua. Haurtzaroaren amaierari buruzko film gogor bat da, zinemaren historia guztietan aipatzen dena. Filmak, aurkako iritziak ere jaso arren, sekulako arrakasta izan zuen, eta Nouvelle Vague mugimenduaren erreferentzia nagusi bihurtu zen.

Antoine Donel bere alter egoa-ren berri ematen du filmean Truffautek. Familia giro hotzean hazten ari den haur bat da Antoine Donel (Jean-Pierre Leaud). Ez du maite eskola, eta etengabe ari da handik ihes egiten, batzuetan bakarrik, besteetan Rene lagunarekin, feriara joateko, zinemara, azokara, edatera, erretzera edo, besterik gabe, hiriko kaleetan zehar ibiltzera.

Zineklubak

'La cinta blanca'(Michael Haneke). Manuel Lekuona kultur etxea(Lasarte-Oria). Bihar, 21:30ean.

'Welcome'(Philipe Lioret). Lobiano kultur gunean (Ermua). Bihar, 19:00etan eta 21:30ean.

'Buda explotó por vergüenza'(Hana Makhmalbaf). Lasarte aretoa (Igorre). Bihar, 20:00etan.

'El silencio de Lorna'(Jean Pierre eta Luc Dardenne). Herriko Antzokia (Elgoibar). Bihar, 21:30ean

'A propósito de Elly'(Asghar Farhadi). Kultur etxea (Oñati).Bihar, 20:00etan.

'Carancho'(Pablo Trapero). Ibaigane zinema (Basauri). Bihar, 20:00etan eta 22:00etan.

'Sagarren denbora'(Josu Martinez, Txaber Larreategi). Arriola antzokia (Elorrio). Ostiralean, 22:30ean.

'Aita'

Zuzendaria: Jose Maria de Orbe. Aktoreak: Luis Pescador, Mikel Goenaga. Herrialdea: Katalunia. Urtea: 2009. Iraupena: 85 minutu.

Donostiako Zinemaldian aurkeztu eta mota guztietako erreakzioak eragin zituen Donostian jaiotako zuzendariaren bigarren lan luzeak. Astigarragan orbetarrek duten etxetzarra da film esperimental honetako protagonista nagusia. Hor ezkutatzen diren oroitzapenak eta sekretuak pantailara ekarri nahi izan ditu Aita-k. Horretarako, dokumentalaren eta fikzioaren arteko nahasketa erabili du zuzendariak.

Bi pertsonaia besterik ez: etxea zaintzeaz arduratzen den langilea eta berarekin hitz egitera joaten dena, herriko apaiza. Eta horiekin batera, etxea, isilik dagoen pertsonaia baina bizi propioa duena. Momentu jakin batean, hango hormetan euskal zinemaren antzinako pelikulak agertuko dira. Filmak argazki onenaren saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian.

'Nagore'

Zuzendaria: Helena Taberna. Herrialdea: Euskal Herria. Urtea: 2010. Iraupena: 77 min.

Bi mila eta zortziko sanferminak beltzez jantzi zituen Nagore Laffageren hilketak. Gazte gipuzkoarra erizaintza ikasten ari zen Iruñean, eta uztailaren 7an Juan Diego Yllanesekin topo egin zuen -aurpegiz ezagutzen zuen- eta haren etxera egin zuten biek. Laffage ez zen bizirik atera. Handik gutxira haren gorpua aurkitu zuten, mendi batean erdi ezkutatuta. Yllanes epaitu, eta homizidioagatik errudun zela erabaki zuen epaimahaiak, eta zigorrik arinena ezarri zion. Polemika handia eragin zuen erabakiak. Kasu horren gainean dokumental bat egin du Helena Taberna zuzendari iruindarrak. Haren aurreko filmak,La buena nueva-k, dezenteko arrakasta lortu zuen. Laffageren ingurukoen testigantzak jaso ditu, bereziki haren amarenak, baita kasua aztertu duten beste hainbat aditurenak ere. Artxibo material ugari ere bildu du filmerako.

'Potiche'

Zuzendaria: François Ozon. Aktoreak: Catherine Deneuve,Fabrice Luchini, Gerard Depardieu.Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 115 minutu.

Ipar Euskal Herriko pantailetara ailegatu da François Ozonen azken filma. Zuzendari frantziarrak herrialde horretako bi aktorerik ezagunenetakoak elkartu ditu: Catherine Deneuve eta Gerard Depardieu. Hirugarren aldia da biek elkarrekin egiten dutena lan. Aurretik Francois Truffaut eta Andre Techineren aginduetara lan egin zuten. 70eko hamarkadako landa giroan gertatzen da istorioa: Suzanne enpresari aberats baten emaztea da, baina nazkatuta dago bere senarraren agintekeriaz. Ez du emaztea behar bezala tratatzen, ezta seme-alabak eta maitalea ere. Halako batean greba bat izango da senarraren lantegian eta Suzannek hartu beharko du haren postua. Aurrerantzean hura izanen da lantegiko zuzendaria. Gatazka bideratzea lortuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.