ZINEMA. Frantzia eta Italia artean da Iran

Abbas Kiarostami zuzendaria etapa berri batean sartu da, Juliette Binoche aktorearekin aurreneko aldiz lan eginez, kontatzeko moduagatik askok arrarotzat hartuko duten 'Copie conforme' filmean.

Gontzal Agote.
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hirurogeita hamar urte egin berritan, zinemaren bazterretik munduari begira segitzen dio Abbas Kiarostamik. Zuzendari errespetatua da mundu osoan, baina ez du horregatik biderik erosoena aukeratu. Horren lekuko da bere azken filma, aurtengo Cannesko Zinemaldian aurkeztu zuen Copie conforme.

Istorioak kontatzen duenari erreparatuta, oso sinplea dela ikusten da. Argumentuak ez du sekretu berezirik, bi pertsonaia nagusi daude. Bata idazle ingeles bat da, bestea arte saltzaile frantziar bat. Biek, bakoitza bere aldetik, bidaia bat eginen dute Toscanako hegoaldeko herrixka batera. Kafetegi batean elkar ezagutuko dute... eta hori da dena.

Honakoan sekretua ez dago kontatzen den horretan, kontatzeko modua da pelikula diferente eta berezi egiten duena. Bi partetan dago hautsia filmaren egitura, momentu batetik aurrera ikusleak ez du jakinen zeinen istorioa segitzen ari den. Zuzendariak esan duenez, ez zuen bikotearen inguruko enegarren istorio tipikoa egin nahi, eta hortik etorri zen egituraren haustura.

Abiapuntu horrekin askok arrarotzat hartuko dute Copie conforme. Cannesen aurkeztu zutenetik, behin eta berriz galdetu diote Kiarostamiri ea David Lynchen Mulholland Drive-n oinarritu ote den pelikula hori filmatzerakoan. Eta hark ezetz, ez duela ikusi Lynchen filma. Ez hori, ezta egin dituen gainerakoak ere. Hortaz, beste nonbait bilatu behar iturria. Eta joko horretan Viaggo in Italia (Roberto Rossellini, 1954) omen da Copie conforme-rekin kidetasunik handiena duen filma.

Irandik kanpo

Eraginak eragin, erronka handiari ekin zion zinemagile irandarrak. Hasteko eta behin, bere herrialdetik kanpo filmatu du lehen aldiz, Italian. Eta filma ekoizteko diru iturri nagusia Frantziatik etorri zaio. Pelikularen izaera transnazionala ez da horretan bukatzen, hiru hizkuntzatan filmatuta baitago: ingelesa, frantsesa eta italiera. Eta Kiarostami soilik farsieraz mintzatzen da.

Nolanahi ere, irandarra ez da kikildu, eta dagoeneko iragarri du hurrengo filma Japonian filmatuko duela. Hark Iranen egin nahi zuen, baina nonbait herrialde horretako agintariek ez diote horretarako baimenik eman. Ziurrenik erabaki horrekin zerikusirik izan dute Cannesen pelikula aurkezteko egin zen prentsaurrekoa. Horretan, Juliette Binoche protagonistak elkartasun mezua helarazi nahi izan zion Jafar Panahiri, Teheranen giltzapean dagoen zuzendari irandarrari.

Hitz horiek ez ziren izan Binochek Cannesen utzi zuen arrasto bakarra. Emakumezko aktore onenaren saria eman zion epaimahaiak. Aktore taldeko bere kidea ez da aktore profesionala, berez William Shimmel opera kantaria baita. Baina erreplika ona ematen dio Binochek filmean egiten duen lan bikainari.

Copie conforme-rekin ematen du etapa berri batean sartu dela Kiarostami, bide berriak urratzeko prest. 80ko hamarkadan kritika eta zinemaldi askoren seme kutuna izan zen, baina azken urteotan bere izarra zertxobait itzalita zirudien. Azken filmarekin berriro ere arreta bereganatzea lortu du, besteak beste, gaur egun Irandik ateratzen den guztiari mundu osoan interes bereziz begiratzen zaiolako.

'COPIE CONFORME'

Zuzendaria: Abbas Kiarostami.

Aktoreak: Juliette Binoche, William Shimmel, Jean-Claude Carriere, Agathe Natanson.

Herrialdea: Frantzia.

Iraupena: 106 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian maiatzean estreinatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.