Donostiako Zinemaldiak ez du aparteko harribitxirik utzi aurten sail ofizialean, baina, ikusi zirenen artean, Agusti Villarongaren Pa negre izan zen ikusleen aldetik iritzi ona jaso zuen bakarrenetakoa. Askok Urrezko Maskorra irabazteko faboritotzat ematen zuten, baina azkenean Nora Novas aktoreak irabazi zuen sariarekin konformatu behar izan zuen.
Bere zazpigarren film luzean, zuzendari katalanak Emili Teixidorren eleberri baten moldaketa izan du esku artean. Istorio beltz eta gordina da, egoera eta testuingurua ere halakoak zirelako. Gerra osteko Kataluniako herrixka batean dago girotuta Pa negre, eta herritarren artean oso argi dago garaileen eta garaituen arteko marra.
Bigarren taldean daude Andreu eta bere familia. Gaztetxoak bi hildako aurkituko ditu basoan, eta gertaera horrek agerian utziko ditu ezkutuan zeuden iraganeko kontu zikin asko. Kronika politikoa eta thriller-a uztartuta, Villarongak gerra osteko urteen inguruko ezohiko ikuspuntua eman nahi izan du.
Pelikula honetan bereziki zaindua da inguru osoak -basoak eta herriak- duen girotzea, baita aktore taldearen lanaren kalitate ona ere. Zuzendari guztiek esan ohi dute zaila dela haur eta gaztetxoekin lan egitea, baina honetan nota ona lortu dute rol horietan aritzen diren aktore gazteek. Gurean ezezagun samarrak diren aktoreekin batera, hainbat aurpegi ezagun ditu: Laia Marull, Eduard Fernandez eta Sergi Lopez.
'PA NEGRE'
Zuzendaria: Agusti Villaronga.
Aktoreak: Francesc Colomer, Maria Comas, Nora Navas.
Herrialdea: Katalunia.
Iraupena: 108 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian ez du estreinatzeko egunik.
ZINEMA. Gerraoste ilun eta beldurgarria
Kronika politikoa eta 'thriller'-a uztartu ditu Agusti Villaronga zuzendari katalanak 'Pa negre' filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu