Arazoa ez da hatz puntekin izarrak ezin ukitzea, baizik eta begiekin izarren argia ezin ikustea», dio Pedrok (Aitor Beltran), Izarren argia filmeko pertsonaietako batek. Muturreko egoeretan, esperantza edukitzeko arrazoi bakar bat ere ez izatea ei da galbiderako urratsetako bat. Horregatik, akaso, egin zituzten goiari eusteko ahalegin sutsuak 36ko gerran Mutrikuko (Gipuzkoa) Saturraran auzoko presondegian giltzapetu zituzten emakumeek.
«Iltze goriari ere heldu zioten; ez zuten besterik izan», adierazi du Barbara Goenaga aktoreak. Victoriaren rola jokatu du. Errepublika garaian irakasle izandakoa da, eta tropa frankistek hil egin zuten bere senarra. Sei urteko haurra du, eta umearekin eta ahizpa Sagrariorekin (Estibaliz Gabilondo) batera espetxeratuko dute. Han ezagutuko dute oinazea bihotza apurtzeraino latzak biziko dituzten hainbat emakumek. Horietako asko haur txikien amak dira. Espetxea zuzentzen duten mojek haurrak bahitu eta adopzioan emango dituzte, eta horrek presoen sufrikarioa areagotuko du.
Filmean ez da behin ere aipatzen Saturraran. «Kartzela izandakoa eraitsi egin zuten, eta berau berreraikitzea dirutza litzateke», azaldu du Mikel Rueda zuzendariak -bi milioi eurorekin egin du filma-. «Horregatik diogu Saturrarango gertaeran inspiraturik dagoela filma». Azpeitian, Hondarribian eta Goizuetan filmatu zuten, iaz.
Egiazko jazoera batean oinarritutako fikzioa da Izarren argia. Faxistek 1.500 emakume inguru izan zituzten preso kartzela hartan, 1938tik 1944ra. Haatik, garai hartako agiriak urriak dira; horregatik, dokumentu historikoetan bainoago, espetxe hartan eduki zituzten andreen testigantzetan oinarritu da Rueda. Batzuek «min handiz» kontatu zizkioten han nozitutako miseriak; bestetzuk, aldiz, hori guztiori beste norbaiti gertatu izan balitzaio bezala mintzatu ziren. «Beren burua babesteko harresi bat eraiki izan balute bezala», nabarmendu du zuzendariak.
Hala, batik bat, «emakume horien egian» oin harturik zuzendu du filma, tarteka «baimen txikiak» hartu eta fikzioa landu izanagatik. «Elementu eta gertaera asko egiazkoak dira; putzuan zigortzen zituztela, engainatu eta umeak bahitu zizkietela, ama nagusiari Pantera zuria deitzen ziotela... Baina filmak aurrera ondo egin zezan beharrezkoa nuen fikzioa». Pertsonaiak Ruedak sortuak dira, «preso eduki zituzten emakumeen soslaiak kontuan hartuta, noski».
Goenaga «lotsatu» egin zen filmeko gidoia jasotzean. «Arrastorik ere ez nuen istorio horretaz. Eta ez da hainbeste gertatu zela, hemen ondoan, gainera». Kolore hotzak, zuri, urdin eta beltzak baliatu ditu Ruedak, presoek bizi izandakoaren gogortasuna nabarmentze aldera. Halaber, planoak nahiko itxiak dira; eta kameren mugimenduak, azkarrak eta bortitzak. Larritasuna eta itomena transmititzen dute.
'IZARREN ARGIA'
Zuzendaria: Mikel Rueda.
Aktoreak: Barbara Goenaga, Itziar Lazkano, Estibaliz Gabilondo, Klara Badiola.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian ez du estreinaldirako egunik.
ZINEMA. Ihesbide bakarra, esperantzari lotzea
'Izarren argia'-n, 1938tik 1944ra bitartean Saturraranen baldintza latzetan preso izan zituzten emakumeen sufrikarioa erakutsi du Mikel Ruedak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu