ZINEMA. Lagunik ez Facebooken sortzaileen artean

Sare sozial famatua asmatu zuten ikasleen istorioa zinemara eraman du David Fincherrek, 'Seven' eta 'Zodiac' filmen zuzendariak.

Gontzal Agote.
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Dena oso azkar doa Facebooken. 2004an sortua, berehala sare sozialen ideiaren ikono nagusi bihurtua. Gaur egun milioika erabiltzaile ditu mundu osoan. Sei urte eskasean, unibertsitateko gelaxka batean sortutako ideia ero bat dirua egiteko makinarik eraginkorrenetakoa bihurtu da. 2010eko ordenagailuaren pantailan Facebook beti hor egon den zerbait ematen duen arren, bere laburrean istorio mamitsu eta ilun bat du sare sozialak.

The Social Network filmak 0 eta 1 pilo horien atzean dauden pertsonei erreparatu nahi die, Facebook enpresa boteretsu bat delako, munduan gero eta eragin handiagoa duena. Ia kasualitate hutsez, gazte batzuek jarri zuten martxan gurpila, eta, behin hori eginda, zaila da tramankulua gelditzea. Berebiziko abiadura hartuta, aurrean jartzen zaion edonor lurperatuko du. Soilik haren gainean igotzea lortu dutenek eusten ahalko diote erritmoari.

Dagoeneko zaila da historia eta kondaira bereiztea, baina, nonbait, Facebook 2003ko udazkenean hasi zen mamitzen. Mark Zuckerberg Harvardeko ikaslea, ordenagailuaren aurrean eseri, eta ideia bat garatzen hasi zen. Horrela sortu zen lehen sare soziala, hasieran unibertsitate eremura mugatuta zegoena. Baina horrenbesteko arrakasta izan zuenez, laster batean beste leku batzuetara hedatzen hasi zen, eta handik mundu osora.

Baina Zuckerberg gaztea ez zegoen bakarrik; inguruan lagun talde berezi bat zuen: Sean Parker, Eduardo Saverin, Divya Narendra, Dustin Moskovitz... Horiek guztiak Zuckerbergen lagun edo ikaskideak ziren, eta den-denek izan zuten Facebooken sorrerarekin zerikusirik.

Baina sare soziala handitzearekin batera, negozio ikaragarribihurtu zen, eta hor hasi ziren arazoak. Elkarren artean etsaituta, Facebook kontrolatzeko gerra hasi zen, eta horretan Zuckerberg atera zen garaile. Hura da gaur egun munduko milioidunik gazteena. Eta garai bateko lagunak? Horiekin mota guztietako arazo pertsonal eta judizialak izan ditu Facebooken sortzaileak.

Lehen begiratuan, bitxi samarra da halako proiektu baten atzean David Fincherren izena ikustea. Baina argi utzi behar da The Social Network ez dela ordenagailuen inguruko film bat, bat-batean euren bizitzaren kontrola galtzen duten gazte batzuen istorioa baizik. Tragedia greziar moduko zerbait egin nahi izan duela esan du Fincherrek.

Jakina da filmatzeko orduan zenbateraino gustatzen zaion dena kontrolpean izatea, baina pelikula honetan lasaiago ibili da zinemagile estatubatuarra. Batetik, istorioa ez delako berea; Ben Mezrichen liburu batean dago oinarrituta. Eta, bestetik, ez duelako ekoizpen bereziki bihurri batekin borrokatu behar izan. Aldiz, oso ongi hautatu behar izan ditu aktoreak, haiek baitira filmaren arima.

'THE SOCIAL NETWORK'

Zuzendaria: David Fincher.

Aktoreak: Jesse Eisenberg, Justin Timberlake, Andrew Gardfield.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 122 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, asteazkenean estreinatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.