NBEk onartu zuenean hasi zen guztia. 1948an Israelgo estatua sortu, eta Palestina bitan banatu zuten. Nazien holokaustoaren ondoren judu andana joan zen Palestinara, eta exodo horren ondorio odoltsuak bistakoak dira azken hamarkadetan. Israelen fundazioaren gaia jorratu duten liburuen artean Dominique Lapierrek eta Larry Collinsek 70eko hamarraldiko hasieran idatzitako Ô Jérusalem erreferentzia nagusietako bat da. Zinemarako lan baliogarria izango zela argi zegoen aspalditik, baina orain arte ez da inor ausartu egokitzen. Harik eta, Elie Chouraquik erronkari baietz esan dion arte. 2000. urteko Harrison's Flowers-ekin Bosniako gerraren laztura gordin erakutsi zuen egileak arantzaz beteriko gatazkari heldu dio. Ô Jérusalem filma gaurtik aurrera egongo da ikusgai zinema aretoetan.
«Eleberriaren giza ikuspegiak erakarri ninduen. Tankera honetako gatazka batean behingoz pertsonaietatik oso gertu aztertzen dira gertaerak», dio Chouraquik. Israelgo sorrera bi lagunen bizipenen bidez kontatzen ditu filmak, bata judua, bestea arabiarra. Ikuspuntu desberdinetatik azaltzen da gertatutakoa, indarkeria, politika eta etika nahasiz. Batak zein besteak New York utziko dute Palestinara joateko, sinesten duten horren alde egiteko.
Zergatiak
«Lapierrek eta Collinsek jasotako istorio guztiek ondorio berberera garamatzate: zergatik?». Elie Chouraquik galdera hori ardatz gisa hartzen du bere filmerako. «Arrazoiak ulertu eta besteei azaldu nahi nizkien». Grezian filmatu du lan hori, eta 1948ko gertaerak islatu ditu batez ere.
Palestina eta Israelen arteko gatazka sarritan islatu du zinemak. Film ezagunen artean dago Exodus (Otto Preminger, 1960), esaterako. Azken urteotan Steven Spielbergen Munich-ek (2005) ere zeresan handia eman du, baita Paradise Now-k (Hany Abu-Assad, 2005) eta Promises-ek (Justine Shapiro, 2001) ere.
ZINEMA. 'Ô Jérusalem', Israelgo estatuaren sorrerari buruzko filma
Dominique Lapierre eta Larry Collinsen liburua zinemaratu du Elie Chouraquik, gatazkaren hazia agerian utzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu