ZINEMA. OSKAR SARIAK. 'The aviator', 11 izendapenekin, Oscar sarietarako faborito nagusia

'Finding Neverland', 'Million dollar baby', 'Ray' eta 'Sideways' lehiatuko dira Martin Scorseseren lanarekin film onenaren atalean otsailaren 27an Los Angelesen egingo den ekitaldian

AGENTZIAK - LOS ANGELES
2005eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetako kinielek ez dute huts egin, eta Martin Scorseseren The aviator filma da atzotik Oscar sarietarako hautagai nagusia. Hollywoodeko akademiak atzo eguerdian eman zituen izendatuen izenak, eta Howard Hughesen biografiak 11 hautagaitza jaso ditu; tartean film, zuzendari, gizonezko aktore eta bigarren mailako aktoreei dagozkienak.

The aviator faborito nagusi bihurtu bada ere, beste lau filmek ere izendapen mordoxka jaso dituzte. Bigarren urtez jarraian, Clint Eastwoodek bere filma (Million dollar baby) sartu du sari nagusietarako lehian zazpi izendapen jaso ditu, eta film onenaren Oscarra ez ezik, Eastwoodek berak bi sari eskuratzeko aukera ere izango du, zuzendari eta aktore onenen artean baitago. Izendapen kopuru berbera jaso du Finding Neverland JM Barrie Peter Pan pertsonaiaren sortzaileari buruzko filmak.

Ray, Ray Charles kantariari buruzko filmak eta Sideways komediak osatzen dute hautagai nagusien boskotea. Azken hau, iazko sorpresa handienetakoa bihurtu zen AEBetan, eta orain dela gutxi banatutako Urrezko Globoetan ere erakutsi zuen kontuan hartzeko moduko hautagaia dela. Taylor Hackforden Ray-k aktore onena bihur dezake Jamie Foxx. Soul musikari handiaren karakterizazioak ospe handia eman dio Foxxi, eta Leonardo DiCaprioren aurretik jartzen dute inkesta gehienek. Gainera, sari hori galduko balu, beste aukera bat ere izango luke Foxxek, bigarren mailako aktore onenen artean ere izendatua baitago Collateral filmagatik.

Gizonezko aktore onenen zerrendan Don Cheadle sartu da Hotel Rwanda filmarekin. Emakumezko aktoreen sailean, berriz, Hillary Swank (Million dollar baby) da film nagusietan parte hartu duen izendatu bakarra; besteak Annette Bening (Being Julia), Catalina Sandino (Maria full of grace), Imelda Staunton (Vera Drake) eta Kate Winslet (Eternal sunshine of the spotless mind)baitira.Ingelesez besteko film onenen sailean Darrell Roodt hegoafrikarraren Yesterday, Alejandro Amenabar espainiarraren Mar adentro, Oliver Hirschbiegel alemaniarraren Der Untergang, Christophe Barratier frantziarrarenLes choristes eta Kay Pollak suediarraren Sa som i himmelen dira hautagaiak.

Kimuak-eko film labur bat hautagaien artean

Nacho Vigalondo zuzendariaren 7:35 de la mañana, film laburren atalean lehiatuko da Oscarretan. Javier Ibarretxe euskal ekoizlearen lana da eta Kimuak bildumaren barruan izan zen 2003. urtean. Sari ugari jaso ditu orain arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.