Zinema salaketa eta memoria gisa

Julio Jorqueraren 'Mi último round' saritu du Zinegoak jaialdiak, nortasun eta estilo propioa duen lana. Baina izan da haren mailako besterik. 'Fjellet', 'Ausente' eta 'Gun Hill Road', adibidez.

Julio Jorqueraren Mi último round filma. Z / BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
Bilbo
2012ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Julio Jorquera txiletarraren Mi último round Zinegoak 2012ko film onena dela erabaki du aurtengo epaimahaiak. Nortasun eta estilo propioa duen filma saritu nahi izan dute Gulya Sultanovak, Juanma Carrillok eta Michelle Hoekstrak. Jorqueraren opera prima-k sari ugari eskuratu ditu nazioarteko jaialdietan duela bi urte Valdiviako zinemaldian estreinatu zenetik, eta Bartzelonakoan ere sari nagusia erdietsi zuen iaz. Kazetaritza ikasten ari zenean aurkitu zuen zinema Jorquerak, eta geroztik zinema munduan aritu izan da. Gizarteko injustiziak salatzeko eta memoria berreskuratzeko tresna paregabea izan zitekeela argi zeukan hasieratik, eta zinema ulertzeko modu hori saritu nahi izan du epaimahaiak. Donostiako Zinemaldian Isaki Lacuestaren Los pasos dobles saritu zuen Frances McDormand buru zuen epaimahaiak, eta No habrá paz para los malvados edo The Deep Blue Sea saritu ez izana salatu zuten askok. Gauza bera gertatzen da zinemaldi gehienetan, aurkeztutako egitasmoak denetarikoak eta anitz izaten baitira, eta Zinegoak ez da salbuespena; Mi último round bezain onak diren filmak ikusteko aukera egon da, Fjellet (The Mountain), Ausente eta Gun Hill Road, esaterako, baina Jorqueraren zintzotasuna goraipatzea erabaki dute.

Ikuskizuna eta gehiegikeriak nagusi diren gizarte honetan xumetasuna eta sinpletasuna aldarrikatu nahi dute Latinoamerikako egileek, eta egunerokotasuna iraultzaren laborategi gisa kontsideratzen dute. Itxuraz garrantzirik ez duten ekintza soilak hauteman nahi dituzte, gizartea eraldatzeko asmoarekin. Jorquerak naturaltasun handiz kontatu du Oktavio eta Hugoren arteko harremana, eta homosexualen inguruan existitzen diren aurreiritziak gainditzea zen helburu nagusia. Desira eta erruduntasuna batera joan ohi dira normalean, baina protagonistek ez diote maitasunari muzin egingo. Baina harremanak gatazkatsuak izan ohi dira, eta are gehiago bi gizonen arteko erlazioa bada. Baztertua izateko beldurrak norberaren sexualitatea ezkutatzera eraman dezake gizabanakoa, eta, horregatik, gaizki ulertuak gertatuko dira. Hugo eta Oktaviok herrian ezagutu dute elkar, eta biek Santiagora alde egingo dute bizitza hobe baten bila. Bide batez, herritik hirietarako emigrazioa ere jorratzen du. Migrazioa eta homosexualitatearen gaia uztartzeaz gain, boxeoaz gozatzeko aukera ere eskaintzen du. Medikuak gehiago ez boxeatzeko agindu dio Oktaviori, baina boxeorik gabe ez du bizitza posiblerik imajinatzen.

Nork bere zama

Ole Gaiver norvegiarraren Fjellet (The Mountain) film gogorra eta, aldi berean, zoragarria da. Ez dago hilketa edo bortxaketarik, biolentzia psikologikoa da. Bi emakumeren arteko istorio latza da. Samina edo gorrotoa maitasuna baino indartsuagoa denean harremana kolokan egon daiteke,eta protagonistek hasitako bidaia horrek amesgaiztoarekin amaitu nahi du. Ibilbide iniziatiko bat kontatzen zaigu, non helburua mendira igotzea den. Mendian haurra galdu zuten duela 2 urte, eta, ezbeharra gertatutako lekura iristean, amesgaiztoari amaiera jartzea espero dute. Iragan traumatikoari aurre egin beharko diote elkarrekin jarraitu nahi badute, eta espero duten bigarren haurrari ahalik eta berotasun handiena emateko. Brokeback Mountain ospetsuarekin alderatu dezakegu, biak une oro mendian bakarrik aurkitzen baitira, baina kasu honetan mespretxua eta mesfidantza dira nagusi. Ez dago maitasun erromantikoaren ideiaren arrastorik; maitasuna mendira igotzea bezala baita. Nora eta Solveigen arteko elkarrizketek mina transmititzen dute. Askotan, hitzak hilgarriak izan daitezke. Up in the Air maisulaneko protagonistak ez zuen zamarik eraman nahi, baina zamarik gabe ez legoke bizitzarik. Bakoitzak egokitu zaion zama eraman behar du.

Ausente Marco Berger argentinarraren bigarren lana da, eta iazko Berlinalen gay film onenaren Teddy saria irabazi zuen. Istorioa oso sinplea da; baina intriga eta suspenseari esker, film aparta dela nabarmendu behar da. Atmosferak hasieratik harrapatzen zaitu, eta badirudi zerbait ikaragarria gertatuko dela eszena berria irekitzen den bakoitzean. Hortaz, ikuslearen arreta eta jakin-mina bereganatzea lortzen du. Argumentua Kiarostamiren Khane-ye doust kodjast? filmekoarekin konparatu daiteke; orduko hartan haurrak bere lagun baten etxea aurkitu behar zuen, eta, kasu honetan, Sebastian irakasleak bere ikaslea den Martin ospitalera eraman beharko du. Ez dauka ezertxo ere, baina irakaslearekin egon nahi du, eta gezurra eta amarrua erabiliko ditu horretarako. Azkenean, Martinek gaua irakaslearen etxean pasatuko du, eta, euren artean ezer gertatu ez bada ere, horrek harremana guztiz baldintzatuko du. Gaztea gezurretan ibili zaiola konturatuko da Sebastian hurrengo egunean eskolara joaten denean, baina beranduegi izan daiteke, sinestekotan gaztearen bertsioa sinetsiko baitute. Hortaz, Martinek xantaia egin diezaioke, eta irakaslearen bizitza infernu bat bilakatuko da. Ekintza ñimiño batek eduki ditzakeen ondorio lazgarriez mintzatzen zaigu. Desiraren inguruko hausnarketa modu zoragarri eta harrigarrian kontatzen digu filmak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.