Naturarekin loturiko trilogia baten azken filma da Bal (Eztia). Yumurta (Arrautza) eta Sut (Esnea) izan ziren aurreko bi filmak. Yusuf umea galdu samarturik sentitzen da Yakup aita eztia biltzera joanik desagertu denean. Semih Kaplanoglu zinemagile turkiarrak (Izmir, 1963), goiz guztia elkarrizketak ematen igaro arren, natural eta gogo onez erantzun ditu galderak.
Zinemagintzatik adina du poesiatik zure filmak. Irudi poetikoak direla esanda ados al zinateke?
Badago estilo asmo bat nire filmetan, eta zinema poetikoa deituko nioke. Badira hainbat zinema zuzendari estilo horri lotzen zaizkionak, esaterako, niretzat oso garrantzitsuak izan dira Andrei Tarkovskiren lehen filmak. Oso-oso poetikoak dira, eta ni neu ere sar ninteke estilo horretan, edo behinik behin eskola horretan. Nire ustez, zinemak oso ondo zaindu behar du sentimendua. Ikuslearen bihotzera zuzenean joaten saiatzen naiz.
Ikustekoa den eta sentitzekoa den zinema bereiziko zenituzke?
Jakina, bi zinema motaz hitz egin liteke. Nire zinemak espiritualetik dauka gehiago, ikusten denetik baino. Arteak lotura zuzena dauka sentimenduarekin. Niretzako ez dago entretenitzeko zinemarik.
Tarkovski aipatu duzu. Bal ikusita, Abbas Kiarostami eta Victor Erizere aipa litezke...
Bai, eragin handia dute nigan. Filma egin aurretik Ericeren El sol del membrillo ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Baina filma egin ostean aipatu zidaten bazuela beste bat La colmena izenekoa. Ikusi nuen, eta izugarria iruditzen zait. Egungo zinemaren izen handietako bat da Erice.
Isiltasunak hitzak baino ugariago dira filmean. Nahiago duzu hitzekin baino isiltasunaren bidez azaltzea, esatea baino iradokitzea?
Bizitza errealean ere isiltasuna da gailen. Kanpotik datozkigun zaratak entzuten ditugu, baina egiazki, isiltasunean bizi gara. Gizakiak bi mundu ditu, kanpokoa eta barnekoa. Barneko mundua isila da, eta horregatik nik adierazi nahi nuen batez ere isiltasunean bizi dela norbanakoa. Gainera, zineman soinua batez ere gauzak dramatizatzeko eta enfatizatzeko erabiltzen da, eta hori niretzat ez da erreala. Bizitza errealera joan nahi dut nik. Bizitza erreala isiltasunarekin edo naturaren soinu txiki mordo baten ziurgabetasunarekin loturik dago.
Bizitza erreal horretan naturak garrantzi handia du zuretzat. Filmaren erritmo pausatuak zerikusirik al du naturaren berezko erritmoarekin?
Filmaketa lekua ahalik eta gutxien eraldatu nahi izaten dut. Lekuaren izaera eta bertako soinuak ahalik eta modurik naturalenean azaldu nahi ditut. Nire helburua da errealitate edo giro bat bere horretan agertzea, ez gauzak gehitzea edo kentzea.
Filmaren azken irudian Yusuf ume protagonistak lo hartzen du zuhaitzaren magalean, naturarekin guztiz bat egiten du.
Une horrek zirkulu bat osatzen du. Filmaren hasieran umeak amets bat kontatu nahi dio aitari, eta hark esaten dio ametsak ez direla kontatzen. Umearen ametsa zuhaitz baten azpian hasten da, eta bukaeran arbolaren azpira itzultzen da, zirkulua ixteko.
Umeak aitarekin partekatzen du ametsen eta sekretuen mundua. Hori ez da oso ohikoa mendebaldean, amarekin gehiago akaso...
Gure kulturan aitaren eta semearen arteko harremana apur bat desberdina da zuenarekin alderatuta. Filmeko aitak lan misteriotsuagoa dauka, basoan aritzen baita lanean, eztia biltzen. Aitaren eta semearen arteko harremana metafisikoagoa da, eta amarekin daukana egunerokoarekin lotuagoa, materialistagoa. Gidoia idazten ari nintzenean aita-semeen arteko harremanak ikertu nituen hainbat erlijiotan. Berlinalen Urrezko Lehoia irabazteaz gain, beste sari berezi bat eman zidaten, Erlijioen Batasuna izenekoa, hain zuzen ere. Zoritxarrez, bizimodu modernoa asko ari da izorratzen familia barruko harremanak, eta horren inguruko kritika ere egin nahi nuen.
Filmak sariak eskuratu ditu, eta kritika laudogarriak ere bai. Era berean, ordea, zenbait lagun zinematik atera dira filma bukatu aurretik...
Normala da. Jendeak nire filmak maite ditu edo gorroto ditu. Nire asmoa ez da mundu guztia zoriontsu egitea.
Semih Kaplanoglu. 'Bal' filmaren egilea
«Zinemak oso ondo zaindu behar du sentimendua»
Berlinalen film onenaren saria eskuratu du aurten Semih Kaplanogluren 'Bal' filmak; irudien poetikotasunean du indar nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu