Astelehenean iragarri zuten Zinemaldikoek 69. jaialdiko Donostia sarietako bat Johnny Deppek jasoko zuela; geroztik, hainbat agertu dira erabakiaren kontra. Izan ere, aktore estatubatuarraren emazte ohiak, Amber Heard aktoreak, tratu txarrak egotzi zizkion dibortzioa eskatzearekin batera, 2016an, eta akusaziook berretsi zituen bi urte ondoren, The Washington Post egunkarian argitaratutako zutabe batean. Hori horrela, Depp saritzea «desegokia» iritzi diote zenbaitek: CIMA emakumezko zinemagile espainiarren elkartea agertu zen aurrena izendapenaren aurka; (H)emen elkartea bat etorri zen harekin, eta, atzo bertan, EH Bilduk ere aurkako iritzia adierazi zuen.
Kritikei aste guztian erantzun zien Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek: saria justifikatu zuen Deppen filmografia argudiatuta, eta esan zuen zinema jaialdi baten funtzioa ez dela «industriako kideen jokabideak epaitzea». Gaur berriro erantzun die «emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko etika falta egotzi» dietenei, gutun publiko baten bitartez oraingo honetan. Nabarmendu du Deppi ez zaiola auzibiderik ireki tratu txarrengatik: «Eskuragarri ditugun eta frogatuta dauden datuen arabera, Johnny Depp ez dute atxilotu, akusatu edo zigortu ezein emakumeren aurkako eraso edo indarkeriagatik».
Halaber, adierazi du «sare sozialetako lintxamenduak ohikoak diren garaiotan», beti egingo dutela haien «kulturaren eta ordenamendu juridikoaren parte diren oinarrizko bi printzipioren alde: errugabetasun presuntzioa eta birgizarteratzeko eskubidea». Horiek horrela —eta «egoera izugarria bada ere, urtero ehunka emakume hiltzen» baititu indarkeria matxistak—, «Zinemaldiaren konpromiso etikoak ezin dira inola ere egon mugatuta emakumeek gizarte patriarkal batean dituzten arazoetara», zuzendariaren arabera. Dena den, gogorarazi du «bete» egiten dituztela Zineman Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren Aldeko Gutunean hartutako konpromisoak.
Erabakia bertan behera uzteko eskaera
Aurtengo Donostia sarietako bat Deppi emango ziotela jakin zuenean, harrituta geratu zen CIMAko zuzendari Cristina Andreu: «Ez du ezer onik adierazten jaialdiaz eta haren zuzendaritzaz, eta mezu beldurgarri bat helarazten dio gizarteari: ‘Aktore ona bazara, bost axola tratu txarrak egin badituzu’». Iragarri zuen zer neurri hartu erabakitzen ari direla, jaialdiarekin harreman estua baitu elkarteak. (H)emeneko kideak ere «gogoeta» bat abiatzeko asmoa dute irailetik aurrera, Lara Izagirre lehendakariak asteazkenean esan zuenez Euskadi Irratiko Faktoria saioan. «Aktore onak ez ezik, gizartean erreferente izan daitezkeen horiek saritzeko lekua ere bada Zinemaldia», haren hitzetan; gogorarazi zuen jaialdiak erabakia «atzera botatzeko tartea» duela oraindik.
EH Bilduk ere izendapena bertan behera uzteko eskatu zion atzo Zinemaldiari, eta hori «sustatu» dezaten eta «bitartekariak» izan daitezen eskatu zien jaialdiko administrazio kontseiluko kide diren instituzioei —hala nola Donostiako alkate Eneko Goiari eta Berdintasuneko zinegotzi Ane Oiarbideri; Gipuzkoako Foru Aldundiari; Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari—. «Donostia saria Deppi emateak berekin dakar indarkeria matxista erlatibizatzea eta bigarren mailan jartzea. Gizarteak kontrako bidea hartu beharko luke: horren kontra borrokatzeko sentsibilizazioa eta konpromiso irmoa».