Seigarren urtez, Donostiako Zinemaldiaren bihotzetik egingo dute Zurriolako butaka telebista saioa, Kursaaletik. Euskal Herriko ekoizpenetako zuzendariak, aktoreak eta ekoizleak elkarrizketatuko dituzte ostiraletik aurrera. Halaber, askotariko bideoak emitituko dituzte, eta euskal hedabideetako eta blogetako kritikariekin solasaldiak egingo dituzte. BERRIA, Hamaika, Irutxuloko Hitza, Zinea albistari digitala eta Gaztezulo aldizkaria ariko dira saioa egiten, hilaren 22an hasi eta 30era arte —24an ez da saiorik egongo—.
Ostiralean, Zinemaldiaren aurreneko egunean, Bi txirula euskarazko filma estreinatuko dute. Zurriolako butaka-n izango dira egun berean Iñigo Garcia Agirrezabalaga Bi txirula-ko zuzendaria eta Jon Elizalde aktore protagonista. Saio berean, Joserra Senperena musikaria elkarrizketatuko dute. Irizar sariko epaimahaian dago Senperena, eta Nur eta herensugearen tenplua animazio filmaren musika sortu zuen. Lan hori Zinemaldian emango dute, Zinemira sailean.
Larunbateko saioan, berriz, Handia filmeko zuzendariak elkarrizketatuko dituzte: Aitor Arregi eta Jon Garaño. Joseba Usabiaga aktoreari egindako elkarrizketa bat ere ikusi ahalko da. Handia igandean estreinatuko dute, Sail Ofizialean.
Iaz bezala, saioko aurkezlea Inaxio Esnaola izango da. Errealizadorea Lara Madinabeitia izango da, eta gidoilaria, Urtzi Urkizu.
Zinemaldiko saioan, askotariko bideoak ikusi ahalko dira, tartean Gaztezulo aldizkarikoen bideo kritikak eta Zinea.eus atarikoek egindako elkarrizketak.
BERRIAk emateaz gain, saioko edukiak Irutxuloko Hitza, Zinea, Gaztezulo eta Hamaikaren webguneetan ikusi ahalko dira. Hamaikak telebistaz emango du saioa, egunero, 13:30ean eta 22:30ean.
Sare sozialetan #Zbutaka traola erabiliko dute saioaren sustatzaileek, eta ikusleei ere hori erabiltzeko eskatu diete.