Bihar hasiko da 61. Donostiako Zinemaldia. Iaz bezala, Berria.info-k zuzeneko telebista saio bat egingo du egunero Kursaaletik. Euskal Herriko ekoizpenen zuzendariei elkarrizketak, askotariko bideoak eta zinema kritikarien solasaldiak izango dira programan. Aurkezlea Gorka Erostarbe BERRIAko kazetaria izango da. Gidoilariak Erostarbe eta Urtzi Urkizu dira. Eta arlo teknikoaz Lara Madinabeitia arduratuko da.
Aurreneko gonbidatuak, ostiralean, Asier Altuna zinemagilea eta Joxean Fernandez Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea izango dira. Ostiralean bertan estreinatuko dute Zinemaldian Altunaren Zela Trovke film laburra.
'Zurriolako butaka' izeneko saioa egunero ikusi ahalko da BERRIAren webgunean hilaren 29ra arte; igande honetan, hilak 22, ez da saiorik izango.
Hamaika Telebistak ere emango du 'Zurriolako butaka', egunero, 20:00etan eta 22:30ean.
Zinemaldian, halaber, BERRIAko Kultura sailak jarraipen berezia egingo du, bai paperean bai Interneten. Saileko blogean filmen iruzkinak egingo dituzte kazetariek. Berriketan.info sare sozialean ere Zinemaldiaren nondik norakoak azalduko dituzte BERRIAko kazetariek.