Kultura eragile eta erakundeen arteko lana bideratzea, hori da Kultura Auzolanean ekimenaren helburu nagusia. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru aldundiak, hiriburuetako udalak, Eudel eta Eusko Jaurlaritza biltzen ditu bere baitan, eta mahai horren bueltan hainbat ekimen bideratu dituzte. Dantzaren artxiboa, euskarazko zinema sustatzeko ekimenak, Kulturklik agenda, Eliburutegia euskal liburutegi digitala, ondare etnografikoa babesteko plana… Denetara 20 kultura proiektu bideratu ditu erakundeen arteko mahai horrek, “denon artean indar handiagoa egin” dezaketelako, Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen arabera. Bakoitzak bere aldetik lan egin beharrean denen artean sinergiak metatzen egin dute lan ekimenean, eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dute.
Orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egin du Muñozek, baina oraindik egiteko asko dagoela onartuz. Baita abiatutako ekimenetan ere. Horrez gain, aurten emakumeen presentzia eta parte hartzea sustatzeko lan egingo dute. “Kritikak egin dira emakumeek artean duten presentziaren inguruan, eta ikusi dugu kritika horiek bazutela bere funtsa”, Muñozen arabera. Arte Ederren fakultatean ikasle gehienak emakumeak direla gogoratu du, baina ondoren antolatzen diren erakusketetan ez da hori gertatzen. Beraz, publikoak diren museo edo erakustoki ezberdinetan emakumeen presentzia bermatzeko lan egingo dute. “Berdintasun lege bat dago, eta publikoak diren guneek hori bete behar dute gutxienez”. Antzeko zerbait egin nahi dute zinemaren esparruan, egoera berdintsua delako. Baina hor zailtasun handiagoa egon litekeela onartu du, sektorea pribatua delako. “Zein modutan landu aztertuko dugu, emakumeen presentzia sarituz, edo antzeko formulekin”. Ekimen horretarako Emakunderekin batera egingo dute lan.
Horrez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sorkuntza guneen egituraketa eta koordinazioa egingo du Kultura Auzolanean egitasmoak. Lehenbiziko mapa eguneratu bat egingo dute, ondoren bertan esku hartzeko modua aztertzeko. Bibliografia nazionala ere sustatuko du mahaiak beste proiektu batean, eta azkenik, baita ondare ez materialaren plana bideratuko du.