Zinemaren ezkutuko aldeaz

Zinema 'zurtza' izendaturikoa aztertzeko, mintegi bat eta erakusketa bat hartuko ditu Donostiako Tabakalerak datorren astean. Elias Kerejeta Zinema Eskola berriak antolatu ditu jarduerak

Carlos Mugiro, Mari Jose Telleria eta Ion Lopez, atzo, Zinema Eskolaren jarduerak aurkezten, Donostian. JON URBE / ARP.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Zinema guztia ez da areto komertzialetatik edo alfonbra gorrietatik igarotzen. Baina zinema da hori ere. Egile jakinik ez badu ere. Irudiak grabatu dituena profesionala ez bada ere. Zentsuratua izan bada ere. Eta zinema sail horri aitortza egingo dio datorren astean Elias Kerejeta Zinema Eskola berriak. Zinema zurtza izendatu izan dena aztertzeko, nazioarteko mintegi bat eta erakusketa bat hartuko ditu Donostiako Tabakalerak, eskolak egoitza izango duen eraikin berean. Publiko ororentzat irekiak izango dira nazioarteko adituen hitzaldiak, proiekzioak eta erakusketa. Martxan jarri aurretik eskolak antolatzen duen lehen jarduera da.

«Zinemaren ezkutuko aldea» izan zuen hizpide Carlos Mugiro eskolako zuzendariak atzo, jarduerak aurkezteko agerraldian. Zinema anonimoa, sinadurarik ez duena, etxekoa, asmo komertzialik gabekoa, ahaztua, debekatua, zentsuratua... horiek guztiak bildu zituen definizioaren pean, eta sail horrek aitortza bat merezi duela adierazi zuen. «Osperik gabeko zinema da, ikuskizun hutsa izateko edo areto handiak betetzeko asmorik ez duena, baina memoria bat gordetzen duena eta XX. eta XIX. mendeko gure kulturaren etnografia domestikoa ere badena». Mugiroren ustez, kategoria horretan bildutako material ugari bikainak dira gizartea bera aztertzeko. «Izan ginenaren eta garenaren erretratu bat egiten du, eta ikus-entzunezko ondarearen parte da». Ideia horrekin bat etorri zen Ion Lopez, Euskadiko Filmategiko zuzendari-kontserbatzailea. Euskal Herriko zinemagintzak «40 urteko iluntasuna» jasan zuela gogora ekarrita, zentsuratik pasatu gabeko horrelako materialek ondare garrantzitsua osatzen dutela adierazi zuen. Material horien azterketan jarriko dute fokua mintegian.

Adituen hitzaldiak izango dira hilaren 26an —arratsaldez—, 27an eta 28an —goizez—, irudiz lagunduak. Hollywoodeko Akademiako artxiboko Mark Toscanok irekiko du hitzaldi sorta, eta zinema amateurrean mende erditik gora aritu den Angel Lerma mintzatuko da haren ondotik —haren hainbat lan proiektatuko dituzte egun berean—. Hilaren 27an, beste zenbait adituk hartuko dute hitza, eta askotariko gaiak jorratu. Haien artean, Agustin Ugartetxearen lana izango du hizpide Joxean Fernandezek; Aita Labururen zinema Oier Etxeberriak; Lehen Mundu Gerrako irudiak Mirco Santik; eta Ignasi Barraquer doktorearen film oftalmologikoak Paula Arantzazu Ruizek, besteak beste. Egun berean Simone Venturini, Mirco Santi, Josu Martinez eta Francesc Torres ere mintzatuko dira. Azken egunean, berriz, Madrilgo zinema eskolan 50eko eta 60ko urteetan emakumeek eginiko praktikak izango ditu aztergai Sonia Garcia Lopezek; Sobietar Batasuneko herritarren lan amateurrak Maria Vinogradovak; eta Espainiako zinema militantea Pablo La Parrak, besteak beste. Proiekzio bana izango da azken bi egun horietan ere.

Halaber, Izenik gabeko zinema izenburua duen erakusketa izango da ikusgai Tabakaleran. Mintegia hastearekin batera irekiko dute, eta azaroaren 1era arte egongo da zabalik, zinema eskola egongo den lekuan bertan. Izan ere, heldu den urteko irailean ekingo dio eskolak lehen ikasturteari, eta egoitza hutsik dago orain, baina galeria baten itxura hartuko du erakusketarako. Ikus-entzunezko askotariko filmak ikusi ahal izango dira bertan, zinema zurtzaren adibide direnak guztiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.