Askotan esan izan du Arantxa Urretabizkaiak bera idazlea dela; ez literatur ikerlari edo teorikoa. Txoria dela;ez ornitologoa. Orain, gerontologotzat joko ote duten beldur da. «Lehen, emakumeei buruz galdetzen zidaten eta orain, bat-batean, zahartzaroaz egiten dizkidate galdera guztiak. Orain ez naiz euskal letretako neska, hori desagertu da. Orain zaharren ahots literarioa edo antzeko zerbait naiz».
Harrigarria iruditzen zaio hori, ez delako zahartzaroa 3 Mariak nobelaren gai bakarra. «Adiskidetasunaz ere bada, bizipozaz, tolerantziaz… Baina pertsonaiak zaharrak dira, eta horrek nonbait definitzen du pertsona. Zaharra izatetik aparte, pertsona bat izan daiteke aberatsa edo pobrea, zintzoa edo gaiztoa, iluna edo alaia… Baina badirudi hitz bakar batek, zahar hitzak, definitzen duela bizitza oso bat, gazte garaian gertatzen ez den bezala».
«Nik uste dut zahartzaro tradizionala desagertu egin dela eta berri bat asmatu behar dugula», argudiatu du. «Baina ez dut hori aldarrikatzeko propio idatzi nobela». Gogoan du Zergatik panpox-ekin antzeko zerbait gertatu zitzaiola. «Nire bizitzaren inguruan zegoen istorio bat kontatu nuen, eta bazirudien bandera bat altxatu nuela, baina nik ez nuen inolako banderarik altxatu. Hori irakurleak ikusten du».
Idazleak egiten dituen aukeretan —berak egiten dituenetan bederen—, eragin handia dute, Urretabizkaiaren ustez, arrazoimenari ihes egiten dioten faktoreek. «Liburu bat idaztea amets bat egitearen antzekoa da. Gero behar duzu aditu bat amets hori interpretatzeko. Subkontzienteak ere zer esana badu idazten duzunean. Zuk modu kontzientean planteatzen duzu nobela edo dena delakoa, baina zirrikituren batetik subkontzientea sartzen zaizu beti. Zergatik bururatu zaizu hau eta ez bestea?».
«Zirrikitu batetik subkontzientea sartzen zaizu beti»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu