Gaur goizean eratu da Bilboko Guggenheim Museon Kulturaren Euskal Kontseilu berria. Urte eta erdiko etenaldiaren ostean egin du, eta tartean Jaurlaritzak izendatu dituen aurpegi berri asko egon dira; izan ere, aurreko gobernuak izendatu zituen 32 kideetatik soilik Patxi Salaberri euskaltzainak jarraituko baitu.
"Zorroztasuna eta leialtasuna" eskatu die Blanca Urgellek harrera hiltzaldian, eta egon beharko luketen kide guztiak ez daudela onartu ondoren, dauden guztiak kulturaren ordezkari direla gaineratu du. Ospe handiko izenak aukeratu ditu Urgellek, tartean Euskal Herritik kanpo bizi eta lan egiten dutenak, eta euskarazko kulturaren errealitatearekin harreman zuzena dutenen kopurua txikitu da.
Kulturaren Euskal Kontseiua da Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratua eztabaidatu eta osatzen laguntzen duen organua, eta Urgellek goizean esan du otsailerako osatuta izango dutela, nahiz eta izaera irekia izango duen beti. Dokumentu bizia behar duela izan ere esan du Urgellek.
Guztira 55 kide dira, Urgellek izendatutakoez gain, ondorengoak: Eusko Jaurlaritzako hamar ordezkarik, EITBko, EAEko hiru foru aldundietako, EAEko hiru lurraldeetako hiriburu nagusietako eta Eudeleko ordezkari banak, eta Legebiltzarrak izendatutako bost bokalek. Joxerra Garzia, Iñaki Gomez, Jose Francisco Lanceros, Xabier Olabarrieta eta Irune Zuloaga dira bokalak. Lehendakaria Kultura sailburua da.
Gaur goizean egindako adierazpenetan Juan Jose Ibarretxeren Kultura Plana "oso ideologizatuta" zegoela esan du Urgellek, eta herritar askoren parte-hartzea oztopatzen zuela. "Kulturak denona izan behar du. Ez dago zertan banatu behar euskalduna izatea eta euskal kultura egitea, baizik eta mundu guztiari lekua egin guzti hau benetan aberatsa izan dadin". Gaurko bilerak urtarrilean segida izango duela ere aurreratu du Urgellek.
Kultura
"Zorroztasuna eta leialtasuna" eskatu die Blanca Urgellek Kulturaren Euskal Kontseiluko kideei
Bilboko Guggenheim museoa eratu da Kontseilu berria, eta Jaurlaritzako Kultura sailburuak Xabier Lete izan du gogoan harrera hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu