Zortzi dantzari lehiatuko dira Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketan

Pasai Donibaneko Kiroldegian egingo da, larunbatean, eta Iker Larunbe iazko txapelduna da faboritoa

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Iaz Iker Larunbe nafarrak (Atarrabia) irabazi zuen Euskadiko Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketa. Gipuzkoarra ez den norbaitek txapelketa irabazi zuen aurreneko aldia izan zen. Aurten ere zortzi lehiakideen artean izango da. Gainerako zazpi dantzariak gipuzkoarrak dira: Ander Diez (Lezo), Unai Etxebeste (Baliarrain), Iker Sanz (Lezo), AritzIglesias (Tolosa), Aitor Arrieta (Errenteria), Beñat Asensio (lezo) eta Juan Urretabizkaia (Tolosa).

Pasai Donibaneko kiroldegian egingo da txapelketa (Gipuzkoa), larunbatean (19:00), Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak (EDB) eta Alkarkide Alkartasunako Dantzari Ohiak taldeak antolaturik.

Zortzi dantzariek bost zati dantzatu beharko dituzte. Soinu Zaharra (Puntamotz) izenekoan, dantzariak hirunaka dantzatuko dira. Eskua aldatzeko soinua (Alpargata) izenekoan, dantzariak banan-banan sokatik irtengo dira. Kontrapasa (agurra)-n, dantzaria neskari dantzatuko zaio. Aurkez aurke (Desafioa)-n,bi dantzari aurrez aurre ariko dira, lehenago zehazturiko ordenan, eta Zortzikoa-n, dantzariak interpretazio librean ariko dira.

Irabazleak Tomas Murua izeneko trofeoa, urrezko domina eta 400 euroko ordainsaria eskuratuko ditu. Trofeoa irabazlearen herriko udaletxean gordeko da, hurrengo urtekoa jokatu artean. Udala trofeoaren jabe izateko, dantzari berak hiru aldiz jarraian edota bost aldiz txandaka, irabazi beharko du txapelketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.