Martxoaren 9an eman zuen EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere azken kontzertua. Istanbulen izan zen, eta, zailtasun ugari izan zituen arren, orkestrak saio arrakastatsua egin zuen. Ordurako koronabirusa hedatzen hasia zen Europan, eta ondorengo egunetan, larrialdi egoera ezartzearekin bat, bere jarduna eten behar izan zuen orkestrak. Horrela, 2019-2020 denboraldiko azken kontzertuak ere bertan behera utzi behar izan zituen jarraian.
Bi hilabeteren ondoren, orkestra berriro hasi da lanean Miramongo egoitzan (Donostia), datozen asteetan hainbat kontzertu emateko asmoz. Planteamendua aldatu behar izan du, nolanahi ere, eta zortzi kontzertuko denboraldi txiki bat programatu du, ETBk emango duena eta sare sozialen bitartez ere zabalduko duena.
Euskadiko Orkestra martxan! izenburua jarri dio EOSek denboraldi berezi honi, eta hainbat neurri hartu ditu egoerak behartuta. Horrela, 50 bat musikariko formazio murriztuarekin ariko da orkestra, eta bere egoitzan ari da entseatzen dagoeneko. Musikariak agertokian sakabanatzeko probak egin dituzte, eta ezarritako segurtasun protokoloek funtzionatzen dutela baieztatu dute. «Kolektibo handia da, eta fisikoki ondo trinkotua egon behar du programak interpretatzeko, baina egoera honetan musikariek bi metroko segurtasun tartea gordeko dute. Hori dela-eta, musika beste modu batera interpretatzen ikasi behar dute, elkarren artean entzuteko beste erritmo eta denbora batzuekin, musika jaria dadin». Gehienez ordubeteko iraupena duten zortzi kontzertu hauek martxan jartzeaz Robert Treviño zuzendari titularra arduratuko da, eta maiatzaren 30etik aurrera, beste hainbeste larunbatetan, grabatuak izango dira ETB2n emateko.
Kontzertu denboraldi txiki honetarako aukeratutako konpositoreen artean, Ramon Lazkano eta Mikel Urkiza euskal herritarrez gain, Mendelssohn, Haydn, Mozart, Richard Strauss eta Brahms daude, horien partituretako asko 50 musikari baino gutxiagoko orkestra murritzerako idatzita baitaude. Horrela, eraldaketekin bada ere, bere jarduera berreskuratu ahal izango du orkestrak, oraingoz, telebistaren zein bere kanal digitalen bidez publikoari zuzentzen zaion orkestra gisa.
Orkestrak interpretatuko dituen lehen bi programak honako hauek izango dira:
Lehen programa: maiatzak 30. ETB2n, goizez.
Agur Jaunak eta Andreak.
F. Mendelssohn: Hirugarren sinfonia, Eskoziarra
Orkestra formazioa: 50 instrumentu jole: 35 harietan, hamalau haizeetan, eta tinbal bat.
Zuzendaria: Robert Treviño.
Bigarren programa: ekainak 6. ETB2n, goizez.
J.Haydn: 49. sinfonia, La passione
Orkestra formazioa: 40 musikari: 35 harietan, bost haizeetan.
F.Mendelssohn: Lehen sinfonia.
Orkestra formazioa: 48 musikari: 35 harietan, hamabi haizeetan eta tinbal bat.
Zuzendaria: Robert Treviño.