Zortzi ohar liburu errealista baten inguruan

Faulknerren, Bukowskiren, McCarthyren eta Hemingwayren onena bere hitzetan gordetzen duenaren erreferentziarekin, nola egin uko liburua irakurtzeko tentazioari? 'Big Bad Love' izena du Larry Brownen narrazio bilduma ezagunenak.

Jon Benito.
2010eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
1Big Bad Love izena du liburuak (Amor malo y feroz, Bartleby argitaletxean gazteleraz; Dur comme l'amour, Gallimard argitaletxean frantsesez) eta, Bukowskiren bidetik, errealismo zikin edo sozialaren etiketapean, istorio dirudienez autobiografikoei heltzen die egileak, XX. mendearen amaierako amildegi ertzeko Ipar Amerikaren deskribapen gordin bezain zaurgarria marrazteko. Taberna munduaren lagin txiki bat balitz bezala, hara daramatza pertsonaiak, zerbeza artean eta ia ametsik gabe, azkeneraino galdu beste helbururik ez, hil artean bizi behar duten heroi anonimoen gisan.

2Erreal izateko gordin izan behar da? Egiazko izateko, dramatiko? Halako galderek egiten dute habia nigan errealismo zikin edo sozial estiloan katalogatzen dituzten liburuak irakurtzean. Errealitatea gaizto, desorekatu, galtzailearen azaletik besterik kontatu ezin dela dirudi; errealitateak ez duela burges, osasuntsu, abstemio, menpekoaren begiradarik behar, nahi edo ahal. Zenbat du faltsutik errealismoa deitzen dugunak, errebelde, desorekatu, bohemio eta beat-ek bakarrik kontatuta?

Eta oraindik ere deitu ahal zaio erreal, duela —Larry Brownen kasuan— gutxienez 20 urtekoaren gainean diharduenean?

3Larry Brownen ipuin «errealista» hauetan bereziki gustatu zaidan zerbait baldin bada, literaturaren presentzia da. Literatura, ekidinezinezko egiteko baten gisan ageri da, baina elementu sozial bainoago, isolatzaile da: idazlea aldendu egiten da, ez zaio beste aukerarik geratzen, gizartetik. Eta gizartetik aldenduta dagoelako ikusten du bertan egosten denak baino argiago, zer den gizartea, nola sortzen den, zein dituen arau eta jokoak eta haiekin hautsiz gero zer gertatzen zaion jendeari.

Brownentzat, idaztea eta eguneroko bizitzarekiko zentzu praktikoa izatea ez ziren osagarriak. Idaztea ezinbestekoa zen, baina idaztea «ez-bizitzea» bezala zen, edo modu erreal batean ez bizitzea behintzat.

4Nobela beltzak gizarte erretratu gisara irakur daitezkeelakoideia egon izan da. Errealismo soziala deitu izan zaionak, bere aldetik, batere balio estraliterariorik ba ote du? Bukowskiren, Faulknerren, Hemingwayren lanek ez ote dute sakontasun moral gutxietsi bat? Larry Brownen liburuan ez da idazlearen bohemiotasun edo malditismoaren apologiarik egiten, ez da bizimodu nahasian sakontzen, ez da amaiera on baten bila bidean galtzen den pertsonaiarik; alderantziz, balore tradizionaletan sustengatzen dira haren ipuinak: familiak eta seme-alabekiko maitasun erabatekoa agertzen da, arrakasta izateko nahia azpimarratzen da, ezkon-bizitza elkartasun keinu gisara agertzen da, saiatzearen eta lortzearen, sakrifizioaren eta errekonpentsaren logika azaleratzen da... Finean, Larry Brownen ipuinetan ez da «mundu oker» baten erretratua egiten; ez dago bazter ezatsegin edota lurraren paturik idatzita... Pertsona da dena okertzen duena, gizakia da zoritxar guztien gaitza, norberak eraman behar du bere ahultasun, nahasmen eta erruen zama.

5Larry Brownen pertsonaien zerrenda arketipikoa egingo zaie gehienei. Etxean aurkitzen ez duten maitasunaren bila besteren larruetan bila dabiltzan senarrak, goizean goizetik zerbeza edaten duten gizonak, eskuizkribuak ukatzen dizkieten idazleak, parranda basatien ostean biharamunean goitikaren arrastoak eta ubeldurak dituzten gazte izandakoak, soldadu zahar xenofoboak, banandutako emazte ohiak...

Egilearen logika moralari jarraituz, ez-leku edo une desegokian zeuden pertsonak, une eta leku egokian erabaki desegokiak hartu zituztenak dira denak. Inork ez du mundua iraultzeko, aldatzeko, beste baldintza eta araubideetan kokatzeko indar eta gogorik, badakite eurena dela akatsa, ondo dakite aldatu edo suntsitu artean barrenak jatea besterik ez zaiela geratzen. Autoa hartuta ihes egin edo beren barruko putzuari edaten eman beharko diete zuloa zerbaitekin berdintzeko eta deabruari egarria asetzeko.

Mundua gorrotatzen duten baino indar handiagoz gorroto dute euren burua. Eta maitasuna behar dute, baina ez dute gupida apur bat baino jasotzen.

6Lehen atalean zortzi ipuin biltzen ditu. Denak AEBtako hegoaldeko pertsonaiekin, Faulknerrek, XX. mendearen azkenetan bizi balitz, egingo lukeen bezala. Pertsonaietako denak ere egoera bertsuetan daude, errepikatu egiten dira ezaugarriak, denak mundu, ingurune eta egoera animiko berberean baleude bezala: edanaren menpeko (zerbeza edaten, erosten edo haren bila doaz ipuin guztietan), harremanak eten beharrean edo haiek nola konpondu ondo jakin gabe.

Bigarren zatian, narrazio luzeago batean, epaiketa batera eramaten gaitu, eta idazlea ageri da epailearen aurrean. Galdera-erantzunen bidez, irakurleak jakingo du, bost urtera zigortu nahi dutela salatua, plagioarengatik. Zigorra idazleentzako kartzela batean bete beharko du. Han, zorrotz zelatatuta dituzte, eta zentzu onera etortzen ez badira, are gehiago zigortzen dituzte. Ariketa gisa, plagio arrastorik ez duten testuak idaztera jartzen dituzte.

Hirugarren atalean, 92 egun nobela laburrean, Leon Barlowek (Larry Brownen alter egoa, bistan da) literaturaren eta, oro har, idaztearen infernua deskribatzen du: estiloa nola egiten den idatziz, ezabatuz eta berridatziz; edo nola ofiziorik txarrena eta bakartiena den idazlearena, edo zelako zaputzak hartu zituen eskuizkribuak bidali eta editoreen aldetik ukazio gutunak jaso zituenean... Bukowskiren moduan, idazle gisara hemendik edo handik xentimoak lortzeko zailtasunek estututa, bereizketaren ondoren emazte ohiari eta seme-alabei zerbait emateko obligazioarekin, literaturaren bizimoduaren penak haizatzen ditu.

7 «Ahal bezainbeste idazten saiatu nintzen. Barrabilak bertan jarri nituen, eta bihotza eta odola, idazle on batek behinola gomendatu zidan bezala. Jarrera horrek gehiegitan ahitu egiten ninduen, xehetuta geratzen nintzen. Idazten nuenaren zati bat ona zelako ziurtasuna nuen; arazo bat nuen, baina; ez nuen nire ikuspuntua partekatzen zuen inor, boterea zuen inor, argitaratzea erabakiko zuen inor, aurkitu. Banekien, ondo jakin ere, hierarkiak, jelosia, departamenduen arteko informe ofizialak eta azkar batean idatzitako oharrak egon bazeudela. Haiek idazten zituztenek ez zekiten euren papertxoek jende baten bide literarioak azkartu edo mantsotu zitzakeela, gutako gehienak haien boligrafoen marraren arabera biziko edo hilko ginela. Ez zeukaten euren boterearen ideiarik. Gu oraindik gure balioa erakutsi ez genuen egile erreka handi bat ginen eta haiek halako eskuizkribu txar kopurua jasotzen zuten, zaila izaten zela merezi zuen ezer aurkitzea hainbeste zaborren artean. Agian denarekin nazkatuta amaitu zuten, euren begien aurrean erortzen zen zaborrak begiak harri eginda utzi zituela. Edo agian kalitate txarreko material guztiak dena kaka bera zela konbentzitu zituen, ezer onik ezin zitekeela zabor mendi haietatik atera, bilaketa amaitu zela eta inoiz gehiago ez zutela Hemingway bat aterako. Hori guztia senti nezakeen modu oso sakonean. Ezin frogatu nuen, baina senti nezakeen».

8Larry Brown 1951an jaio zen Mississippin, Ameriketako Estatu Batuetan. Ellen Douglasen sorkuntza tailerretan ikasi zuen idazten, baina 1972an armadatik itzuli zen arte ez zen bihotz eta buru eman literaturara. Hainbat ukazioren ondoren Facing the Music lanarekin estreinatu zen 1988an. Gaur ekarri dudan Big Bad Love, duela hogei urte, 1990ean, argitaratu zuen. 2004an hil zen bihotzekoak jota. A Miracle of Catfish utzi zuen argitaragabe. Egile handi askoren seme eta inor gutxiren aitapontekotzat hartzen da egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.