Zugaza: «Eragileekin erabakiko dugu Arte Ederren Museorako estrategia»

Bilboko Arte Ederren Museoarentzako etorkizunerako plana diseinatzeko prozesu parte hartzaile bat iragarri du Miguel Zugazak bere lehen lanegunean, Prado museoko zuzendaritza utzi ostean

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, atzo, bere lehen lanegunean hedabideekin egindako kortesiazko agurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Lehen laneguna izan zuen atzokoa Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari postuan Miguel Zugazak (Durango, Bizkaia, 1964). Lehen eguna, bai, baina bigarren aldiz. Izan ere, 1996. urtean izendatu zuten lehenengoz lan horretarako, baina Madrilgo Prado museoko zuzendari izendatu zuten 2002an, eta han izan da orduz geroztik. Museoaren birmoldatze eta handitze prozesuak gidatu ditu Espainian, eta adierazi du hamabost urteko esperientzia hori Bilborako baliagarri izango zaion esperantzaz itzuli dela orain, hedabideen aurrean egindako kortesiazko agurrean. Bere asmo nagusiak ere azaltzeko baliatu du agerpena: erakundearen noranzkoa adostu nahi du hurrengo urteetarako. «Museoaren ikuspegi estrategikoa idazteko enkargua egin digu patronatuak, eta uste dut oso garrantzitsua dela eguneroko lana epe ertaineko ikuspegi horren araberakoa izatea». Ez daki euskaraz, eta gazteleraz eman ditu azalpenak. Zehaztu duenez, museoko hormez kanpora ere zabaldu nahi du gogoeta prozesu hori. «Zabaldu egingo dugu eztabaida hori, eta artistak eta hiriko eta herrialdeko kultur eragileak ere bildu nahi ditugu».

«Eredugarria» da Bilboko museoa, Zugazaren hitzetan, zeren eta, dioenez, estua da erakunde publikoekin eta gizartearekin duen lotura. Kulturak Bilboren eraldaketan jokatu duen rola ere aipatu du. «Aldatu egin da mundua hamabost urteotan, ez soilik hiria edo museo hau. Horregatik, berriz ere pentsatu beharra dago zer rol jokatu behar duen museo honen moduko erakunde publiko batek, non eta aldaketarako motor gisa kulturaren eta artearen aldeko hain apustu handia egin duen hiri honetan».

Urteko 200.000 bisitariren bueltan ibili da museoa azken sasoian, eta datu hori azaldu izan du Javier Viar museoko zuzendari ohiak erakundearen lorpenak aurkeztean. Baina Zugaza kritiko azaldu da neurgailu horrekin. «Okerra iruditzen zait museoen arrakasta izaten duten audientzia datuen arabera epaitzea. Museoak hainbat egiteko garrantzitsu betetzen ditu, bere eskala edozein dela ere, eta egiteko horietako asko ezin dira kuantitatiboki neurtu. Museoak gizartearekin eta gertuko komunitatearekin harreman estua izan behar du, eta ez diot uko egingo harreman hori estutzeari. Baina audientzien presioa gainetik kendu beharko genuke».

Prado «baketzea»

Durangoko Azokaren sortzaile taldeko kide izandako Leopoldo Zugazaren semea da Miguel Zugaza, eta gertutik ezagutzen du Euskal Herriko artea. Historia eta Geografia ikasketak egin zituen lehenik, eta Artearen Historian espezializatu zen gero. Erakusketak antolatzen hasi, eta, 30 urte bete berritan, Madrilgo Reina Sofia museoko kontserbazio zuzendariorde kargua hartu zuen. Besteak beste, Sorolla eta Zuloagari eta emakumezko inpresionistei eskainitako erakusketak antolatu zituen Arte Ederren Museoan, baita euskal artista garaikideen lanekin osatutako Gaur, hemen, orain izenekoa ere. Bilbon egindako lanari esker sona lortu, eta hortik heldu zitzaion Pradoko museoa zuzentzeko proposamena. Presaz egin zioten eskaria, eta egun gutxi batzuen buruan hautatu behar izan zuen Madrilera joatea. Zugazak berak kontatua duenez, «nahasia» zen Madrilgo museoaren egoera bera iritsi zenean, eta, eraikina handitzeko lanak gidatzeaz gainera, erakundea «baketzea» izan du egiteko nagusietariko bat.

Iaz jakinarazi zuten Zugazaren izendapena Bilboko Arte Ederren Museorako, eta begi onez hartu zuten izendapena artearen sektoreko ahots nagusiek. Alde zuen esperientzia eta ibilbide profesionala, baina polemika ere piztu zen, lehiaketa publikorik egin gabe izendatu baitzuten zuzendaria Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak. Berez, lehiaketaren formula hori hobesten du Arte Zentroen Praktika Onen Kodeak, baina erakunde publikoek zuzenean Zugaza hautatu zuten, eta kexa azaldu zuten horregatik hamahiru arte elkartek eta ia 500 bat norbanakok. «Iritzi guztiak errespetu handiz hartzen ditut», erantzun die zuzendari berriak hedabideei. «Hainbat izendapen prozesutan hartu dut parte, eta inoiz ez da jakiten zein den hautaketa egiteko modurik onena».

Badu ziklikotik zerbait Zugazaren izendapenak. Izan ere, haren eskutik jaso zuen zuzendaritza Javier Viarrek, eta, 15 urteren ostean, Viarren eskutik jaso du bueltan berriz ere Zugazak. Azken urteetan, %35 inguru murriztu da erakundearen aurrekontua, eta espazioz estu gelditu da. Viarrek bi erronka horiek aipatu zituen museoko bere azken hilabeteetan, eta bi erronka horiek aipatu ditu Zugazak ere bere lehen egunean. «Espazio eta aurrekontu mugak konpondu beharko ditugu». Bestalde, kritikak ere jaso ditu museoak, euskal artista gazteei eta emakumezko artistei eskainitako arreta faltagatik. 1997az geroztik antolatutako 69 banakako erakusketetatik bi soilik izan dira emakumezkoenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.