MUSIKA

Zure ausentzia presente

Soiltasuna eta akustikotasuna ditu ezaugarritzat Bide Ertzean taldearen 'Don Inorrez' lan berriak; Joserra Senperena arduratu da hari instrumentuen moldaketak zuzentzeaz

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Zuzeneko diskoa izan zen Leidor Sessions (2009), ibilbide luze baten testigantza bizia. Memoria historikoari eskainitakoa izan zen Non dira? (2006), kantu propioez osaturiko azken diskoa. 36ko gerraren testuinguruan kokaturiko lan tematikoa. Ordutik honakoa, lau urteko parentesia izan da, ez geldialdia: «Zerbait desberdina egin genuen Non dira? lanarekin, eta oso baliagarria izan zaigu, baina ezohikoak izan ziren hura eta zuzenekoa», dio Imanol Ubeda kantari eta gitarra jotzaileak. Bide Ertzean taldeak kaleratu berri duen Don Inorrez da ezohikoak izan ziren seinale. Aurrekoak bezala, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin plazaratu du. Taldearen ohiko esparrura itzultze bat da, nahiz eta ñabardurak badiren.

Itzultze bat da, batez ere gaien izaerari eta letren lirikotasunari erreparatuz. Ni-aren eta zu-aren presentzia bete-betekoa da lan berrian. Zu bat ageri da, batez ere indar handiz. Imanol Ubedak idatzi ditu letra gehienak, aurreko zenbait diskotan egin bezala, eta bere poetika, kantatzeko modua bezalatsu, sendoturik, eta nortasun propio batez jabeturik ageri da. Honela dio Bost egun eman vals tankerako kantuan: «Bost egun eman eta hamar kantu/egingo ditut erreskadan/ zure izena nola ahantzi/ ez dut asmatu oraindik. Edota beste honako hau Lizarbakar baladan: «Egidazu dei galdu bat/ bihotzaren bestaldetik/ zoratu zaizkit orduak/ joan zinen igandetik». Zu bati zuzenduriko istorioak dira gehienak, edo zu horren ausentziari egokiago esatera. Mikel Ibargurenen Zure ausentzia poema kantu bihurtua da horren adierazle: «...argia izeki nuen berriro/ paper mutur honetan / izkiria nezan zure ausentzia».

Bide Ertzeanen ibilbidean ohiko bihurtu da beste idazle batzuen poemak musikatzea, eta oraingo honetan ere badira halakoak. Ibargurenen beste poema bat (Zatoz), Juanra Madariagaren Hutsik, beti kolaboratzaile estu izan duten Jose Luis Otamendiren Atzo eta Hondartzan musikatu dituzte. Otamendiren ekarpena ez da horretan geratu. Diskoari izena ematen dion kantua bera ez ezik, kontzeptua ere hari zor diote: «Berekin lehen kolaborazioa egin genuenean dagoeneko aipatzen zigun Azpeitian Don Inorrez kontzeptua erabiltzen dela umeei kargu hartzeko: 'Hau edo beste hori egiten ez baduzu, Don Inorrez etorriko da'». Eta imaginario kolektiboko pertsonaia horri heltzea erabaki zuten, bai diskoaren izenburu bezala eta bai kantuen hari komun bezala ere: «Indartsua iruditu zitzaigun izen hori, eta interesa piztu zitzaigun. Zein ote da? Berak ere beldurrik pasatuko al du noizbait? Porrotak, mamuak, gure sentipenak bideratzeko aitzakia polita iruditu zitzaigun Don Inorrez», azaldu du Imanol Ubedak.

Non dira? argitaratu orduko hasi zen kantu berriak konposatzen Ubeda. Zuzeneko lana grabatzeko aukera suertatu zitzaien gero, eta hura amaitu arte ez zioten heldu berriro proiektu berriari. Gauzak mantso, presarik gabe, zarata handirik atera gabe egin zale da Tolosako taldea. Eta halaxe, poliki, baina etenik gabe, eta egiten duen horretan fede izanez ibilbide landu eta oparoa osatu du, 1998an taldearen izen bereko diskoa kaleratu zuenetik.

Soiltasun eta sotiltasun berberez grabatu dituzte disko berriko 13 kantuak ere, Andoaingo Garate estudioetan, Kaki Arkarazoren gidaritzapean: «Kantu xumeak dira, bereziak, baina indarra dute». Eta ibilbide osoa bezalatsu, lasai eta su geldoan jarritako eltzea nola, hala egosi dituzte kantu berriak ere.

Oinarri akustikoa duten kantuak dira lan berrikoak, gitarra akustikoarekin eta akustikoarentzat sortuak, eta nahiz eta gero bestelako jantzirik baduten -oso ondo zainduak-, akustikotasun horren esentzia mantentzen dutenak. Joni Ubeda (baxua), Karlos Aranzegi (bateria), Fran Iturbe (gitarra elektrikoa eta akustikoa) eta Joserra Senperena (hammond-a, pianoa, akordeoia, sintetizadorea...) izan dira, ohiko den moduan, Imanol Ubedaren sorkuntzak jantzi dituzten musikariak.

Pop egiturak daude kantuen oinarrietan, baina ñabardurek ematen diote kantu bakoitzari besteetatik bereizten dituen ezaugarriak, eta estilo desberdinetarako bideak zabaltzen dizkie, nola hala, country aireei -Don Inorrez-en aho soinua ere sartzen du, esaterako, Imanol Ubedak- edota folk ukituei (Zatoz). Baina guztiak zerbaitek batzen baditu, erritmo ertain eta geldoan egositakoak izatea da.

Kantuak moldatzeko eta janzteko orduan tentu berezia izan du beti Bide Ertzean-ek. Disko berrian garrantzi berezia hartu du zortzi musikariz osaturiko hari orkestrak, eta Joserra Senperenaren zuzendaritzapean lan aipagarria egin dute Lizarbakar eta Ez nau inork espero kantuetan, esaterako.



Disko berria

Izenburua. 'Don Inorrez'.

Internet. Diskoaren grabaketaren bideoak eta kanturen bat edo beste plazaratuko dituzte www.bidertzean.com webgunean .

Kontzertuak. Abenduaren 7an emango dute aurreneko kontzertua Durangoko Plateruena aretoan. Bigarrena abenduaren 16an izango da Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.