Javier Perianes

"Zure nortasuna ezin da kopiatu. Zuk ere ez duzu inor kopiatu behar"

Maurice Ravelen 'Sol maiorrerako kontzertua' eskainiko du pianista andaluziarrak San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoarekin, Iuri Temirkanovek zuzenduta, gaur Donostiako Kursaal auditoriumean Donostiako 76. Musika Hamabostaldiaren baitan.

Donostian izango da gaur Javier Perianes piano jotzailea. SERGIO BARRENECHEA / EFE
Ihintza Elustondo
2015eko abuztuaren 17a
08:33
Entzun

Mundu osoko agertokietako pianoak jo ditu Javier Perianesek (Nerva, Huelva, Espainia, 1978). Gaur Donostiako Kursaalean ariko da San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoarekin, Iuri Temirkanoven zuzendaritzapean. Ez da Donostian ariko den lehen aldia, eta espero du ez dela azkena izango. Lanez lepo datorkio uda, eta nahiago omen du ez begiratu agenda. Gauzak «pixkanaka-pixkanaka» egitearen aldekoa da. Disko eta kontzertuekin buru-belarri dihardu, eta zuzendari entzutetsuenek harengan jarria dute arreta. Bide beretik jarrai dezan, 2012an Espainiako Kultura Ministerioak Musikaren Sari Nazionala eman zion.

Nola deskribatuko zenuke bihar Kursaaleko auditoriumean egingo duzuen kontzertua?

Oso kontzertu berezia izango da. Batetik, munduko orkestra nagusietako batekin ariko naizelako, San Petersburgoko Orkestra Filarmonikoarekin. Mito bat bilakatu da. Urte askotan Evgeni Mravinskik zuzendu zuen, eta bere oinordekoetako bat da Iuri Temirkanov. 76 urterekin aktibo dago, eta sasoi betean, gainera. Hamabostaldia bezalako jaialdi prestigiotsu batean, Temirkanov zuzendari dela, eta dirudien baino euskal herritarragoa den Maurice Ravel konpositorearen errepertorioarekin, interesa eta grazia ditu emanaldiak.

Musika kritikariek «XX. mendeko Errusiako zuzendarien artean derrigorrezko erreferentea» dela diote Iuri Temirkanov. Zer iritzi duzu?

Erabat ados. Harekin joko dudan laugarren aldia da, eta Errusian ez ezik mundu osoko musikan ere bizirik dirauen mito bat dela esango nuke. Munduko orkestra ospetsuenekin lan egiten du, eta San Petersburgokoarekin hogei urte baino gehiago daramatza horretan. Harekin lan egitea, handienetako batekin lan egitea da. Jarrai dezala horrela urte askoan.

Zein rol du pianistak kontzertu horretan?

Ravelek klasizismoaren eta musika amerikarraren eragina izan zituen kontzertu hau sortzerakoan. Pianistaren rola bakarlari lanetan aritzea da XIX. mendeko erromantizismoa irudikatuz, baina XX. mendeko Ravelen estetikaren parte eginez.

Zein zailtasun ditu errepertorioak?

Norberak ikusi nahi dizkionak. Ikuspegi mekaniko batetik aztertuta, exijentea da, eta soinuaren eta poesiaren aldetik, zailtasun handikoa. Guztiontzat da konplexua, baina entzuten duenari erraz ari garela iruditu behar zaio.

Nola iritsi zara zuzendari entzutetsuenekin jotzera?

Nik beti esaten dut nire kasuan naturalki suertatu dela horrela. Imajinatzen dut zugan konfiantza duen jendearen artean sare bat eratzen dela, zure musika egiteko modua atsegin dutelako. Eta orduan behin eta berriro deitzen dizute. Ezin naiz kexatu. Oso pozik nago.

Zerk bereizten du zure soinua besteengandik?

Hori nahiago dut entzuleren batek esaten badu. Zure nortasuna ezin da kopiatu. Zuk ere ez duzu inor kopiatu behar. Faktore askok eragingo dizute ziurrenik, baina instrumentuaren aurrean esertzean, norberak bere lana defenditu behar du ahal duen ondoen. Eta askoz gehiago ez. Hortik aurrerakoa entzulearen esku dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.