Kultura

Zurichen lapurtutako bi koadro berreskuratu dituzte

Suitzako hirian bertan topatu dituzte, aparkaleku batean, eta beste bi aurkitzea falta da. Cezanne, Van Gogh, Degas eta Monetenen artelanek 112 milioi euroko balioa dute.

2008ko otsailaren 19a
17:42
Entzun
Otsailaren 10ean lau koadro inpresionista lapurtu zituzten Zuricheko Museoan, eta Suitzako Poliziak gaur jakinarazi du haietatik bi berreskuratu dituztela, bart, hiri hartako kliniko psikiatriko bateko aparkalekuan, auto batean.

Emil Georg Buhrle bilduma pribatuko koadroak dira lau haiek, XIX. mendeko lau artista inpresionistenak: Paul Cezanne, Vincent Van Gogh, Edgar Degas eta Claude Monetenak. Poliziak oraindik ez du jakinarazi berreskuratutako biak zeinenak diren.

Hain justu, Cezanneren L'enfants dans une veste rouge (Txaleko gorriko haurra, 1888-90), Van Goghen Branches de maronier en fleurs (Gaztainondoaren adarrak loraturik, 1890), Degasen Ludovic Lepic et ses filles (Lepic kondea eta bere alabak, 1871), eta Moneten Champ de coquelicots pres de Vetheuil (Mitxoletak Vetheuildik gertu, 1879) artelanak eraman zituzten lapurrek. Bilduma osoko obrarik onenak direla jakinarazi zuen bilduma pribatuko zuzendariak. Gainera, Poliziaren arabera koadroek 112 milioi euroko balioa dute gutxi gorabehera.

Lapurreta egun argiz egin zuten. E. G. Buhrle bilduman Frantziako arte inpresionista eta post inpresionistako bilduma zabala dute. Poliziak emandako informazioaren arabera, hiru gizonezko izan ziren lapurrak. Aurpegiak maskarekin estaliak zituzten, eta armatuak zeuden. Hala, zentroko langileak armak erabiltzearekin mehatxatu zituzten. Gainera, lapurretako batek museoaren sarreran zeuden segurtasun zaindariak lurrera botatzera behartu zituen. Bitartean, beste bi lapurrak lau koadroak zeuden gelara sartu ziren, eta kendu egin zituzten. Alarma aktibatu zen arren, lau lapurrek eraikinetik alde egitea lortu zuten artelanekin. Lapurtutako koadro baliotsuak auto zuri batean eraman zituzten.

Emil Georg Buhrle (1890-1956) Zuricheko enpresaria izan zen. Bere izena duen bilduma XX. mendeko Europako arte garaikideko bilduma pribaturik garrantzitsuenen artean dago. 1951. urtetik hil zen arte (1956) bildu zituen obrak Buhrlek. Moneten Pool with waterlilies eta Van Goghen autoerretratu bat daude bilduman, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.