Zuriuneen ezinbestekotasunaz

Arkitekturan espazio publikoak duen zeregina nabarmendu du Norman Foster arkitektoak Iruñean

Norman Foster arkitektoa, atzo Iruñeko Baluarte jauregian emandako hitzaldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
XVIII. mendeko Erromako erdiguneko plano batekin laburbildu du bere jarrera Norman Foster arkitektoak (Manchester, 1935). Zuri-beltzean ageri dira eraikin eta kaleak han. «Kolore beltzez dauden horiek eraikinak dira, eta printzipioz hori da arkitekturari dagokion alorra, baina sakonean garrantzitsuagoak dira espazio zuri horiek, horiek direlako espazio publikoa. Urteekin joan naiz ohartzen leku baten identitatea gehiago osatzen dutela zuriune horiek beltzune horiek baino».Ez da edonor. Hamarkadak daramatza lanean, eta ehunka konta daitezke lortu dituen sariak. Prestigio handikoak dira, gainera, haietariko batzuk; 1999an jaso zuen Pritzker saria, kasu. Bere ibilbidean espazio publikoaren ideiak izan duen garrantziari buruz aritu zen atzo Iruñean, Nazioarteko II. Arkitektura eta Gizartea Kongresuak gonbidatuta —atzo hasi zen kongresu hori, eta larunbatean amaituko da—.

Dioenez, ez da oso jarrera hedatua berea. «Zail egiten zait nire lankideei, baita nire estudioko kideei ere kaleen moduko espazioak sortzeko beharra helaraztea. Kosta egiten zait sentiberatze lan hori egitea. Arkitektooi erakusten zaigu espazioan bakartuta sortzen den objektu bat direla eraikinak, eta ez gaude ohituta eraikina egongo den hirira atera eta haren DNA ezagutzen». Oso propioa du kezka hori, ordea, Fosterrek, eta bere ibilbideko hainbat kasu jarri ditu adibidetzat. Londresko Trafalgar plazan egindako moldaketa, Berlingo Reichstag, Texasko opera etxea... Asmoa ez zen, ordea, kasuz kasu hartutako erabakiak azaltzea, guztien atzean dagoen espazio publikoaren ideia azaleratzea baizik. «Eraikina ez litzateke eskultura baten gisa hartu behar, baduelako lotura bat dimentsio sozialarekin».

Paradoxikoki, eraikin pribatu batek erakuts dezake modurik argienean Fosterren publikotasunaren ideia. Hong Kong hirian eraikitako banku batentzako eraikinak, zehazki. Altuera handiko bulego eraikin baten itxura du eraikinak, baina haren oinarrietan ikus daiteke arkitektoak aldarrikatzen duen publikotasuna. «Eraikinak ez du eteten espazio publikoa; flotatu egiten du haren gainean». Izan ere, bankua lurretik metro batzuk altxa, eta hormek ez dute kalerik eteten. Jarraitu egiten du jendearen joan-etorriak haren azpitik. Igandeetan, gainera, Filipinetako etorkinen bilgune bilakatzen da bankuaren azpiko gune estalia.

Optimismo arduratsua

Gerora ere, beste hainbat proiektutan errepikatu du Fosterrek eraikinaren parte bat kale bilakatzeko ideia bera. Konstante bat. Bai, behintzat, Iruñean aurkeztu zituen proiektuen artean. Funtzio soziala nabarmentzeko modu bat, batetik, baina baita jendea erakartzeko bide bat ere. «Eraikin batzuk kale batetik bestera joateko bidezidor gisa erabili ditzake jendeak. Horretarako diseinatu ditugu. Eta, agian, ez dute izango operan edo arte erakusketan dagoena ikusteko asmorik, baina errazagoa egingo zaie, behintzat, eraikin horren eskaintzen diena ezagutzea».

Berrikuntzaren alde mintzatu zen. Baina, haren ustez, berrikuntza horiek ezin dira heldu hausturaren bidetik. «Oinarri sozialarekin bat egin behar dute». Horregatik, eraikuntza sistema tradizionalak hartu ditu kontuanMasdar hirian (Arabiar Emirerri Batuak) eraiki nahi duten proiekturako, eta herritarrek egiten duten espazioaren erabilera ere sakon ikertu du Londresko Trafalgar plazan egindako esku hartzea hasi baino lehen. Eta antzera jokatu dute Mumbain (India) egindako beste proiektu batean ere. Belarria jendeari adi.

Krisiaz galdetuta, arkitektoak «optimista arduratsua» izateko betebeharra duela erantzun du Fosterrek. Ez du ukatu sasoi latzak direla, baina fedea omen du belaunaldi berriengan. Garai zailetan egin da arkitekturarik onena, gainera, haren ustez. «Eraginkortasun handiagoko diseinuak bilatzen dira halakoetan, baliabide gutxiagorekin gehiago egin behar delako. Lehentasunak zorrotzago hautatu behar direlako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.