DONOSTIAKO 62. ZINEMALDIA

'Zurriolako butaka' itzuliko da Donostiako Zinemaldian, BERRIA, Hamaika eta 'Hitza'-ren eskutik

Hirugarren urtez 'Zurriolako butaka' telebista saioa egingo dute. Goizeko hamaiketan zuzenean ariko dira Kursaaletik, BERRIAren, Hamaikaren eta Irutxuloko Hitza-ren webgunean. Gauean Hamaika telebistan ere ikusi ahalko da programa.

Gorka Erostarbe iazko saioaren aurkezlea, Aitor Merino zinemagilearekin. BERRIA
2014ko irailaren 10a
11:59
Entzun

Aurreko bi urteetan bezala, Zinemaldian aurkeztuko diren film eta dokumentalen inguruko bideo, elkarrizketa eta kritikarien solasaldiek osatuko dute programa. Inaxio Esnaola izango da aurkezlea, eta haren aldameneko butakatik euskal zinemagileak, aktoreak, gidoilariak eta ekoizleak pasatuko dira. Halaber, film nabarmenen kritika egingo dute Euskal Herriko hainbat hedabidetako kritikari eta kazetariek.

Programa egunero egingo dute hilaren 19tik 28ra, egun batean izan ezik: 21, igandea. Zinemaldia hilaren 27an amaituko da, eta hurrengo egunean balantzea eta sarien analisia egingo dituzte Zurriolako butaka berezian.

Programan hainbat gonbidatu izango dira egunero. Esnaolak elkarrizketatuko dituenen artean, adibidez, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zinemagileak daude. Loreak filmarekin Sail Ofizialean lehiatuko dira. Hain zuzen ere, 1989. urtetik ez du lehiaketan parte hartu euskarazko film batek ere —aurrenekoa Ke arteko egunak izan zen—. Ikusmin handia piztu du Loreak zintak, eta nazioarteko hainbat jaialditara joango da Donostiako estreinaldiaren ostean. Sail Ofizialean euskarazko beste film bat aurkeztuko da, lehiatik kanpo: Lasa eta Zabala.

Irutxuloko Hitza iaz hasi zen Zurriolako butaka saioan parte hartzen. Aurten ere hainbat bideo egingo ditu programarako, eta aurrenekoz bere webgunean emango du saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.