Zuzen-Zuzenean zirkuitua bigarren aldiz sustatuko du Eusko Jaurlaritzak

Diruz lagundutako 50 kontzertu egingo dira udazkenean, eta 70 talde inguruk hartuko dute parte

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Kultura Live kontzertu areto pribatuen elkarteak Zuzen-Zuzenean zirkuitua jarri dute abian bigarren urtez. Ekimenak lagunduko du udazkenean 50 kontzertu antolatzen Hego Euskal Herriko 23 aretotan eta haietan 70 talde inguruk hartuko dute parte, hasiberriek zein ibilbide luzea dutenek.

Zuzen-Zuzenean ekimenak «jarduera musikala dinamizatu eta sektorearen kate osoan eta eragileengan eragiteko» asmoa du, sorkuntzatik zabalkunderaino, Kultura Sailak azaldu duenez.2010eko ekitaldirako 170.000 euro bideratu ditu Jaurlaritzak, ordainsari, ekoizpen eta promozio gastuen zati bat estaltzeko. Kultura Live elkartea arduratuko da kontzertuak antolatzeaz eta koordinazio lanaz, betiere Kultura Sailarekin adostutako irizpideak betez eta musika sektoreko eragileen ohiko jarduera eta ekimena errespetatuz.

Gutxienez bi talde arituko dira kontzertu bakoitzean, eta horietako bat tokian tokikoa edo lehen urratsak egiten ari den talde bat izango da. Horrez gain, berrikuntza gisa, zazpi kontzertutan atzerriko talde ezagun batek hartuko du parte, Euskal Herrikoarekin batera. Emanaldi horietako bat, Peter Hook eta Ya Te Digorena, dagoeneko egin da, eta hurrengo seiak honako hauek izango dira: Electric Six, Gringo eta Zeno & The Stoics; La Mala Rodriguez eta Mad Muasel; Sex Museum eta Acapulco Gold Diggers; Jingo de Lunch eta Fly Shit; Howlin' Rain eta Soulbreaker Company; eta El Guincho, Mad Muasel eta Makala.

Kultura Sailak eta Kultur Live elkarteak Zuzen-Zuzenean zirkuituaren lehen ekitaldiaren oso balantze ona egin zuten. Haiek emandako datuen arabera, diruz lagundutako 46 kontzertuek 15.000 lagun bildu zituzten. 2009. urtean 21 aretok hartu zuten parte ekimenean, aurten baino bi gutxiagok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.