Zuzeneko talde bat, diskoan dokumentatua

Ia hogeita hamar urteko etenaren ostean, The Dream Syndicate taldeak disko berria kaleratu du: 'How Did I Find Myself Here?'. Taldearen soinuari bizkarra eman gabe, bide berriak ere irekitzen ditu lan berriak.

Jason Victor, Dennis Duck, Steve Wynn eta Mark Walton. The Dream Syndicate 2017an. BERRIA.
mikel lizarralde
2017ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Oorain dela bost urte, Steve Wynn kantariak Dennis Duck bateria jotzailearekin eta Mark Walton baxu jotzailearekin hitz egin eta The Dream Syndicate taldea berriro abian jartzea erabaki zuenean, bazirudien garai bateko loriak berreskuratzeko modu bat izan zitekeela 1980ko hamarkadako rock elektriko interesgarrienetakoa egin zuen taldearentzat. Jason Victor gitarrista, Wynnek bere bakarkako ibilbidean ondoan izan duena, batu zitzaien, eta zuzenean jotzen hasi ziren. Wynnek, ordea, erabakia zuen itzulera ezin zela zuzenean jotzera mugatu, eta taldea egonkortu denean eman du bere jarraitzaileek espero zuten pausoa. The Dream Syndicateren estudioko bosgarren diskoa kaleratzea: How Did I Find Myself Here?. Ghost Stories azken-bigarrenetik (1988) 29 urtera.

The Dream Syndicate inoiz ez zen desegin. Hala dio, behintzat, Wynnek berak. «Denbora batez, zuzenean jotzeari eta diskoak egiteari utzi genion». Besterik gabe. Baina 29 urte joan dira, eta horrek bere ondorioak ditu. «Zintzoa izateko, sentitzen dugu hau dela denbora honetan guztian geldi egon, inguruan gertatzen zen guztia jaso, gure lanean hobetu eta 2017an grabatuko genukeen diskoa. Eta horrela egin dugu».

The Dream Syndicate indar ikaragarriarekin azaldu zen 80ko hamarkadaren hasieran, Paisley Underground deituriko eszenaren barruan, Los Angelesen (AEB). Eta bere estreinako diskoak, The Days of Wine and Roses entzutetsuak, izugarrizko oihartzuna izan zuen garai hartako eszena alternatibo eta rockzalean. The Velvet Undergroundi —White Light / White Heat-i zehazki—,psikodeliari eta Bob Dylan elektrikoenari begiratzen zion, eta, gainera, denbora aise gainditu duten hamaika klasiko biltzen zituen, The Days of Wine and Roses bera, That's What You Allways Says, Tell Me When It's Over eta Halloween, batzuk aipatzearren. Lan hura, baina, nolabaiteko uharte bilakatu zen, Medicine Show-k (1984) eta batik bat Out of The Grey-k (1986), elektrizitateari uko egin gabe, sustraidun rockari estuago lotutako doinuak biltzen zituztelako. Eta hor, lehenengo diskoaren eta bigarrenaren arteko jauzian kokatu du Wynnek 2017an taldeak kaleratu duen diskoa: «Aspalditik pentsatu izan dut The Days... eta Medicine Show-ren artean disko bat egon zitekeela. Oso lan ezberdinak direlako». Garai hartan, bi diskoen artekoa, «garapen logikoa» iruditu zitzaion taldeko abeslariari. Baina badaki jarraitzaileek ez zituztela ezagutu bi lanen artean egindako urratsak. «Taldea berregin, eta jendea hasi zitzaigunean galdezka disko berri batez, ideia hori etorri zitzaigun burura». Gerora, ordea, taldea zuzenean jotzen hasi eta bere soinu propioa lantzen eta ontzen joan ahala, motibazioa beste bat bilakatu zen: «Banda hau dokumentatu nahi izan dugu».

Psikodeliaren eragina

How Did I Find Myself Here? izan zitekeen The Dream Syndicateren iraganeko eskemetan goxo mugituko zen diskoa, baina nabari da, Filter Me Through You eta Glide-rekin hasi bezain pronto, taldeak ez duela atzera begirako ariketa hutsa egin nahi. Bi kantu horiek, adibidez, kutsu psikodeliko nabarmena dute. Wynn: «Esango nuke hasiera-hasieratik psikodelikoak izan nahi izan genuela. Burua beste norabait eramatea esan nahi duen zentzuan. Beti pentsatu dugu gure heroiak artista psikodelikoak izan zirela» John Coltrane eta Pharoah Sanders aipatu ditu, baita 70eko hamarkada hasierako Miles Davis ere. Eta Neu! The Velvet Underground eta Quicksilver Messenger Service... «Bidaia luze batean sartu ziren artistak izan ziren; entzulea bere esperientzia arrazional eta objektibotik kanpo eramaten zutenak».

Steve Wynn eta Dennis Duck taldearen lehenengo formazioan izan ziren —azken horrek proposatu zuen taldearen izena, John Cale izen bereko talde batean izan zela gogoratuta— eta Walton Out of the Grey grabatu baino lehen gehitu zitzaien, 1985ean. Disko berrian, baina, Kendra Smith taldeko lehenengo baxu jotzaileak ere parte hartu du, eta Kendra's dream mantra psikodelikoaren hitzak idazteaz gain, ahotsa ere jarri die. The Dream Syndicateren lehenengo diskoan jo zuen Smithek, eta, taldea utzi ondoren, Opal bandako kidea ere izan zen, baina azkeneko hogei urteotan musikaz kanpo bizi izan da. Eta ez zirudien, Wynnen hitzei kasu eginez gero, itzultzeko gogoz. Kantariak bazuen musika bat eginda, baina ez zuen asmatzen hitzekin, eta aspaldiko lagunari bidali zion, hitzak idatziko ote zituen galdetzearekin batera. «Hasierako erantzuna ezezko biribila izan zen, baina egun batean, posta elektronikoa begiratzen ari nintzela, ikusi nuen ahotsak bidali zizkidala. Eguberri eguneko opari bat bezalakoa izan zen niretzat».

Taldeak bira hasiko du hilaren 29an Portlanden (AEB), baina oraingoz behintzat, ez da Euskal Herrira etorriko. Gertuen Parisen ariko da, urriaren 24an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.