Hogeita bost urte izango nituen neurri apalean bada ere idazle fama neureganatzen hasi nintzenerako. Nire lehen andregaiarengandik banandu berria, neure etxea atontzen ari nintzen Joseba Jaka literatura bekaren berri jaso nuenean. Gutun luze bat bidali nien epaimahaikoei, idatzi nahi nuen eleberriaren lagina behar bezala taxutu ahal izateko luzapen txiki bat behar nuela adierazteko eta, epaileen bihotzak bigunduko nituen itxaropenarekin, neskarekin gertatua kontatu nien, lanetik ordua baino lehen itzuli nintzen batean ohean bi lagunekin aurkitu bainuen.
Niretzat garrantzitsua izanik ere, ez zen gertakari hori luzapena eskatzeko erabili nuen arrazoi nagusia, idazle gisa bidea egiten hasteko antolatu nahi nuen bizimodu berria baizik. Dante Allighierik Beatrice hil eta berehala ez zuela beste emakumerik maitatuko erabaki zuen, eta maite hilaren omenez idatzi zuen Vita nuova. Geroztik idazle batek baino gehiagok erabili dute izenburu hori bizimodu aldaketa iragartzeko.
Nik ere hasieratik hasi nahi nuen berriro. Garbi nuen idazteko leku bat, lanerako ordutegi bat, dieta orekatu bat eta beste hainbat zertzelada txiki egokitu behar nituela. Proustek erakutsi zidan zein garrantzitsuak diren idazgela eta bertako argia (garai batean beheko sua ere bai). Berak, esate baterako, gauez eta gela itxi batean idatzi zituen, Haussmann kalean lehenik eta Hamelin kalean gero, bere obraren zati nagusiak farola baten argitan. Isiltasuna ere ezinbestekoa zuelarik, goiko etxebizitzako haurren joan-etorriek molestatu egiten zutela-eta, galtzerdi pareak oparitzen zizkien tarteka. Gauez idazten zuen eta goizean gutunekin zetorren postariak gabonak ematen zizkion, oheratzeko zorian zegoela bazekielako.
Nik ez nuen goiko etxebizitzako umeen beldurrik, sabaian teilatua bainuen, bere isuri eta guzti. Eserita nengoen lekutik, ordea, begiak altxatu eta itsasoaren zati bat ikus nezakeen eta horrek harrotzen ninduen, itsasoaren zati bat ikustea itsaso osoa ikustea bezala baita. Bi osagarri horiek, teilatuaren isuriak eta itsas bistak, nire eleberrian izan zezaketen eraginaz ere mintzatu nintzaien epaimahaikoei gutunean, eta bidenabar hogeita hamar metroko etxearen alokairuagatik zenbat ordaintzen nuen ere esaten nien. «Idazlearentzat bere gelak gordeleku izan behar du, baina aldi berean munduari begiratzeko talaia ere bai», nioen, beste gauza askoren artean, neure gutunean.
Banekien, noski, gela bera baino garrantzitsuagoa zela idazmahaia, idazteko moduarekin lotura estua duelako. Kafkak, esate baterako, ez zuen bidaia luzerikegin nahi izaten, bere idazmahaitik urrun ezin zuelako ezer taxuzkorik idatzi. Ni, ordea, artean mahairik gabe nengoen, eta nolakoa jarriko nuen esplikatzen nien, marrazki eta guzti, epaile gizagaixoei, eta, gutunaren generoak konÞdentziara eramaten gaituenez, mahai gaina nola antolatuko nuen ere kontatzera ausartu nintzen,idazmakina, kontsulta-liburuak, hiztegiak eta Þtxategiak non jarriko nituen esan eta eleberria idazten nuen bitartean bi Þtxategi eramateko asmoa nuela adierazten bainien, sorkuntza prozesuari buruzkoa bata eta argitaratu ondorengo kudeaketari buruzkoa bestea (aurkezpenetan eta elkarrizketetan zer kontatua izateko, alegia). Gogoratzen dut pasartearen bukaera gisa, «bi Þtxategi eraman nahi ditut, Atxagak egiten duen bezala» idatzi nuela. Ez dakit nondik atera nuen Atxagari buruzko zertzelada hori.
Gutunarekin batera, noski, idazteko asmoa nuen eleberriaren lehen atal amaitu gabea bidali nien, eta egunak eman nituen artega, erantzunaren zain. Epea pare bat astez luzatzen bazidaten, astia izango nuen eleberriaren atal hori gutxienez bukatzeko eta laginak beste itxura bat hartuko zuen, baina etxe aldaketak galarazten zidan neurri handi batean hain beharrezkoa nuen kontzentrazioa, eta ezer gutxi aurreratzen nuen. Gainera, elkarrekin hiru urtez bizi izandako etxetik gauzak hartu behar nituen bakoitzean nire neskak (neska ohiak esan beharko dut, orain bere bi lagunena baitzen, erdi bana nik gelako atea zabaldu eta ohean aurkitu nituenean,edo bakoitzarentzat osorik baina txandaka beharbada beste batzuetan, ez dakit) egon behar izaten zuen lekuko moduan, berarentzat nahi zituen gauzak eraman ez nitzan.
Armairu bat ireki, barrukoak lurrean barreiatu eta ni neure gauzen bila hasten nintzen bakoitzean, bera atalburuan jartzen zen besoak gurutzatuta, eta ez nion inoiz ere begiradan, aurpegiko adieran edo ahotsaren tonuan errukiaren arrastorik edo damuaren zirkinik atzeman, ohaide bat galdu eta bi irabazi zituelako seguru asko. Nik, ordea, ezin nuen burutik kendu egun hartan ikusitakoa. Logelako atea ireki nuenean beren jarduna utzi eta niri begira geratu ziren hirurak, baina ez zuten altxatzeko imintziorik egin, ezta maindireekin estaltzekorik ere. Beren etxean, beren ohean baleude bezala geratu ziren intrusoari begira. Beharbada ordu horretan gehiagotan ere han egonak zirelako elkarrekin. Naturaltasun handiz, «Nahi baduk, sartu» gonbidatu ninduen mutiletako batek. Garbi zegoen ni nintzela han soberan zegoena. Atea itxi eta ezer esan gabe alde egin nuen, atera nintzen kalera eta nora ezean ibili nintzen gau hartan, dolua betiere jasangarriagoa egiten baita ibilian gabiltzan bitartean edo zauria jasandako lekutik urruntzen ari garenean. Udazkena zen eta gogoan dut panpano hosto eroriak bustita zeudela espaloietan. Gogoan dut neoizko argi gorriek mezu tristeak idazten zituztela galtzada bustian, autobus hutsak igarotzen zirela batera eta bestera nora ezean eta ni zakur deslai baten antzera, maitemindu baten gisan ibili nintzela goiz aldera arte euripean. Ez nien, noski, epaimahaikoei zertzelada horien guztien berri kontatu, bai baitakit epailebatek bekara aurkezten denaren lana juzgatu behar duela eta ez idazlearen biograÞa.
Liburu aurrerapena
Zwei Frauen (bi emakume)
Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) 'Zwei Frauen (bi emakume)' nobela aurkeztuko du datorren astean, Augustin Zubikarai bekaren laguntzaz idatzia eta Elkar argitaletxeak argitaratua. Literaturak eta emakumeek sentiarazitako pasioek bat egiten dute eleberriko protagonista izengabearengan. Gaztetxotan hasi eta zahartzaroaren atarian, maite dituen andreenganako hainbat esperientzia azaltzen ditu, miresten dituen beste hainbat idazleren imitazioak egitearekin bat. Hirugarren imitazioak 'Idazteko etxea atontzen' du izenburu, eta pasarte hau imitazio horren hasiera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu