Askotan aipatu dut Orwell-en 1984 eleberria. Distopia hitza definitzeko erabili nuen behin, eta beste batean, hizkuntzaren erabilera perbertsoa azaltzeko. Oraingoan. moral bikoitza izango da aitzakia. Egia esan, Orwellen testuak egungo gaitzik ankerrenak argitu ditzake. Ondo erakusten digu ze garrantzitsua den itxurazko errealitate bat antzeztea, benetan esaten denaren kontrakoa egiteko. Esate baterako, gure istorioan, bake ministerioak gudak antolatzen ditu.
Lehenengo aldiz irakurri nuenean, oso gaztea nintzen; geroztik, askotan berrirakurri izan dut erantzunen bila, eta beti aurkitu izan ditut. Erantzun horiek ez nituen musutruk jaso; gogor ordaindu behar izan nituen. Irakurtzen nuen bitartean, gizakiarenganako konfiantza galdu nuen.
Orain ez iruditu arren, tradizio ilustratu batetik nator. Horrek zer esan nahi du? Gizakiaren komunikazio ahalmenean sinisten nuela. Hau da, gure artean ulertzeko gai ginela eta posible zela, denon artean, adostasun minimo batzuk zehaztea. Horien artean, giza eskubideak.A ze inozoa! Goyari ere gertatu zitzaion; «arrazoiaren ametsak munstruak sortzen ditu», idatzi zuen bere grabatu famatu batean. Ondo ikasi zuen, frantsesen eskutik, nola erabil zitezkeen ilustrazioaren eta arrazoiaren aitzakiak, gudarik basatienak bideratzeko. Hori da askotan hizkuntzaren eufemismoek ezkutatzen dutena, basakeriarik gordinena.
Azkenaldian gauza asko gertatu dira gizakiarekiko konfiantza urratzeko. Gehien mintzen nauena, erasotzaile biolentoenak biktimen papera hartzen dutenean da.
Feminismoa, esaterako, historian egon den mugimendurik bakezaleena izanda, fama txarrekoa da. Aldiz, matxismoaren defendatzaile sutsuenak beti agertu dira moralaren eta tradizioaren defendatzaile sutsuak bezala. Hortik dudan nihilismo puntu hori, nazkatzen nauelako moral zuzenaren izenean injustiziarik mingarrienak bermatzen direnean. Sutan jartzen nau ezjakinenak eta fundamentalistenak moral lezioak ematen dituztenean.
Larrepetit
'1984'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu