Iritsi da urte berria, eta iritsi den bezala joan egingo da. Urtero ospatzen dugu denboraren igarotzea, 12 segundo eskaintzen dizkiogu urtearen bukaerari, normalean ahoa mahatsez betetzen dugu, eta urte berriari begira, batzuk parranda bikaina botatzen dugu. Baina denboraren joan-etorri horrek badu zerbait berezia; ez dakigu non, baina nonbait gertakizunak idatziak gelditzen dira. Gure oroimenean dauzkagu gordeak gertatutako gauza handiak, eta aldatu gaituzten gauza txikiak ere gurekin gelditzen dira. Hori da iragana, gertatutakoaren oroimen kolektiboa eta banakakoa.
Historia gertakizun horiek guztiak batzen saiatzen den kondaira kontraesankorren eta anitzen multzoa da. 2011k momentu historiko politak utzi dizkigu, bereziki gure herriarentzat.
Joan berria den urte honek erakutsi digu batzuetan ezinezkoa dirudiena egia bilaka daitekeela. Hor esan duten bezala, irabazi egin dugu, baina ez gara bakarrak izan. Lokartua zirudien gizartea esnatu egin da. Hiri askotako plazak jendez hartuak daude, asanbladaz beteak. A ze plazera sorrarazten didan jendea gauzak erabakitzen, eskuak altxatzen eta hitz egiten ikusteak. Berri txarren artean, 2011k gauza bereziak eta oso onak ere utzi dizkigu (Agian, muturrekoak eta nahiko erradikalak izan dira aldaketak).
Barkaidazue orain egingo dudan saltoarengatik, baina mistiko samar jarriko naiz. Asko maite dudan lagun batek, behin, maien egutegiaz hitz egin zidan. Badakit askok oso irakurketa sentsazionalistak egiten dituztela, baina nire laguna ez da horietako bat. Ironia puntu batekin esan zidan maiek ez zutela historiaren bukaera aurreikusi, ez datorrela kataklismorik. Aro aldaketa bat datorrela esan zidan. Maiek idatzi gabe utzi nahi izan zutela historia berri baten hasiera.
Larrepetit
2012
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu