Hur Gorostiaga.
Larrepetit

Abiadura handiko krisia

2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Mugerreko Novantrans enpresako 22 langileak, Estatuko 300 bat langilerekin batera, protestan izan ziren atzo Frantziako Garraio ministerioaren aitzinean. SNCFko filiala den enpresaren itxiera, krisiaren erakusgarri bat gehiago izateaz gain, botere publikoek errepide bidezko garraioa trenbideetan ezartzeko emandako hitzaren hutsegitea adierazten du. Novatrans enpresarekin batera, gainera, Mugerreko garraiorako plataforma anitza da kolpea jasanen duena. Abiadura HandikoTrena baino gehiago, abiadura handiko krisia zeharkatzen ari da gure herria.

Ipar Euskal Herrian AHTarendako trenbide berriaren beharraz ez dut sekulan sinetsi. Baiona Bilbora hurbilduko duela dioen leloa berez erakargarria izan daiteke, baina hainbesteko diru xahutze eta lur urratze minutu soil batzuendako, ez da bidezkoa, bereziki gaur egun Baionatik Hendaiara doan trenbideak tren gehiago arazorik gabe jasan dezakeelarik, eta azken berrien arabera, tren garraioa apalduz doalarik. Are gehiago hiriburu handiak lotuko dituen tren azkarra pasatzen ikusteko bakarrik baldin bada.

Egia erran, ez nuen sekula pentsatuko gaiak halako indarrik hartuko zuenik Ipar Euskal Herrian. Baina Xiberoan gas hodia ez pasaraztea lortu ez bazuten garaian, 2x2 Nafarroako autobidea herritarren errefusak geldiarazi zuen. Herri tipi bat, errepideko eta eraikuntza lobby guzien parean, garaile. Elordoin urtegia geldiaraztea ere lortu zela, gogoratuko dute zenbaitek.

MAM ministro ohi euskal-tunisiarra ere AHT bide berriaren kontra agertu zaigu hauteskunde kanpaina betean, nahiz eta Donibaneko auzapeza bitartean AHTko ustezko ibilbidea nondik pasarazi negoziatzen aritu den, 26 lapurtar auzapezek egin zuten ez deus negoziatzeko ituna hautsirik. Nire etxean ez otoi, auzoaren etxean hobeki. Beti fiteago, urrunago eta gehiago. Har dezagun hats poxi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.