Ezustez betetako urteari adio errateko tenorea heldu zaigu. Gibelerat so eginez gero, hainbat gertakizun heldu zaizkigu gogorat. Euskal gatazkan ETAk egindako urrats historikoa, nola ez. Iduritzen zait oraindik ez garela ohartu erabaki horrek sortu duen lurrikararen ondorioez. Hauteskundeetan izan dira lehen ondorioak, baina ez da seguraz ere horretara mugatuko aldaketa. Orain gatazkaren ondorioak gainditzea izanen da lehen helburua. Bigarrena borroka armatura bultzatu zituzten zioak ezabatzearena, ez dadin sekula nehor gerora tentaturik izan hainbeste sufrimendu sortu duen halako ziklo batetarat itzultzeko.
Arabiar primaderako iraultzak, eta ondorengo Michele Alliot Marieren dimisioa, Bin Laden eta Gaddafiren likidatzea, Xalaren garaipena, DSKren desbenturak eta beste zenbat holako.
2011 zorionekoa izan da azkenean, gure herria lurrazaletik desagerraraz zezakeen gertakizuna saihestea erdietsi baita. Fukushimako zentralaren zartatzeaz ari naiz. Hainbat egunez albisteak sesiturik egon ginen, minutuz minutuko segimendua egiteraino. Argindarra sortzeko biderik garbiena eta merkeena balitz bezala saldu ziguten hori, finean beren biziez eta lurralde oso baten hamarkada luzeko hipotekaz garesti ordaindu dute japoniarrek. Gaur egun zentraletik 200 kilometroko guneetan ere erradioaktibitate maila lanjerosa pairatzen dute oraino. Iroshimaren ondoren, Fukushima.
Eskerrak garai berean eraiki zen Lemoizeko zentrala ez zen martxan eman. Lemoizen istripua gertatu eta inguruko 30 kilometroko eremuan biztanlegoa ebakuatu balute Japonian bezala, Bilbo handia deitzen duten hori osoki hustu beharrez izanen ginen, biztanle, portu eta lan eremu industrial osoa. Euskal Herriarenak egina zuen, itsasoaren bidez elementu erradioaktiboak euskal kosta guztia kutsatuko baitzuen. Zorionekoak gu, inoiz baino biziago baikaude.
Larrepetit
Adio 2011
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu