Larrepetit

Agur eta ohore, Antton

Hur Gorostiaga.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Goizegi joan zara, Antton. Maiz, lagunak joaten direnean ohartzen gara zenbat apreziatzen genituen. Aspaldi elkar ikusi gabekoak ginen, eta elkarrekin egin ez genuen azken afari hori ez egin izana damu zait. Orain dela 20-30 urteko gertakizunak komentatuko genituen, zuk hain berezkoa zenuen historiak kontatzeko gaitasunarekin, gai seriosak umore paregabearekin aipatuz, irriz lehertzeraino.

Euskarazko zinemagintzan aitzindari izan zara. Pertsona konprometitua, jantzia eta militantea izan zara. Euskarazko zinemagintza nazionalaren bandera altxatu zenuen. Alta, euskara ez zenuen sekula lortu ikasterik, nahiz eta saiatu, eta klaseak hartu behin eta berriz. Munduko beste edozein hizkuntza aiseago ateratzen zitzaizun... Erraztasunean erori gabe eta errekuperazio saioak saihesturik, zure ideien alde bururaino borrokatu zinen.

Amnistiarekin erbestetik itzulian, Euskal Herriratu zinen, baina fite ohartu zinen demokraziaz jantzitako hitzen atzean mamian ez zela gauza handirik aldatu gure herrian. Lapurdin hartu zenuen babesa orduan, eta bertan genuen elkar ezagutu.

Oraindik ongi oroitzen ditut haur nintzela Ikuska sailarendako ahotsak grabatzen pasa genituen orduak. Ohore bat izan zen Ke arteko egunak filmaren estreinara Donostiako zinemaldira gonbidatu gintuzunekoa ere.

1980ko urteetan ekoitzitako Ikuska sailaren ondoren, 20 urte geroago sail hori berriz egiteko xedea zenuen, hamarkada batzuk geroago Euskal Herriaren kontrastezko argazki berri bat egiteko asmoz. Baina ez zen posible izan, denborak gaina hartu dizu. Hainbeste amestu zenuen aro politiko berriaren hastapenean joan behar izan duzu.

Atzo Hiriburutik Donostiara, Miarritze eta Hondarribitik pasatuz, lehen aldiz, irri ordez, negar egin genuen zurekin.

Plazer handi bat izan da. Ez adiorik, Antton.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.