Unai Iturriaga.
Larrepetit

Aita

2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Kalean zoazela altoa ematen dizute. Gero, behar ez den lekura eskua luzatu eta, «Ze mutiko politak!» (ez zuri, orokorrean baizik, zu ez zara existitzen). «Neskatoak dira», zuk. Eta une batez begiratzen dizute Kandido Urangak Vacas-en zeukan begiradarekin, berba erdirik esan barik, baina gutxi gorabehera adieraziz: «Ba, aizu, majo, belarritakoak jarri izan bazenizkie une desatsegin hau aurreztuko genuen». Haizearen ziztu hotsa entzuten da eta belar bola batzuk igarotzen dira ondotik. Ennio Morriconeri erregutzen diozu ez diezaiola, arren, orkestrari jotzen hasteko agindu, bestela izen luzeegia duen kale hori bihurtuko baita O.K. Corral. «Politak zer dira gero!». «Ba, bai». Eta bazoazela saiatuko zara ea behatz muturrak zapaltzen dizkiozun atzeko gurpilekin, «hain da handia karroa!».

Aurrera darraizu eta ohartzen zara baietz, ados zaudela, oso politak direla baina ez dakizula zergatik sartu behar duten eskua behar ez den lekuan ebidentzia hori azpimarratzeko. Areago, otu ere, otutzen zaizu karroentzako orotariko osagarriak egiten direnez galdetu behar duzula ea baden gillotina funtzioa duen kapotarik, bizkorra eta higienikoa, otoi. Bidenabar, areagotzen ari zaizun miopia madarikatzen duzu, ezin baitituzu mehatxuak urrunera identifikatu eta, hortaz, baliteke aurrez aurre datorkizun guztia izatea mehatxu, edo ez.

Arnasa sakon hartzen saiatzen zara gogoratuz, behinola UEUn, errebotez, zelan amaitu zenuen tripazorroa osotara bistaratzeraino puztu behar zen erlaxazio ikastaro batean. Okerrago. Ohartu zara lehenago aise zeneraman gerrikoak koska bat gehiago beharko lukeela. Dios! Ez daukazu-eta denborarik piszinara joateko ere! Neurriak hartu behar dituzu, zin dagizu hartuko dituzula, eta zugana zuzen datorren horrekin hartuko dituzu gainera. Ikasi behar du zenbat diren bi eta bi!

Aldamenetik pasa da eta ez dizu kasurik egin. Neskatoei begiratu diezu eta irribarre egin dizute. Euria hasi du. Ze ondo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.