Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengo zabala, tartean hiru diputatuk eta hiru senatarietarik bik, eskumen bereziko lurralde elkargo edo instituzio baten aldekoak dira. Hirugarren senataria ez da aldekoa, gaur egun Pirinio Atlantikoetako lehendakari baita Georges Labazée biarnesa, euskal elkargo batek bere erreinuaren banatzea ekarriko bailioke.
Jendarte zibilari dagokionez, euskal elkargo baten aldekotasuna erabatekoa da, mundu ekonomiko kontserbadoretik hasi eta ingurugiroaren alde ari diren elkarteetaraino, euskalgintza barne.
Berezko instituzioaren eskakizunak 200 urtetik gora du, Frantziako Iraultzaren biharamunean departamenduak sortu zirenez geroztik. Geroztik aldarrikapenak ez du ukan etenik.
Orain 30 urte pasa, François Mitterand lehendakarigai zela, Euskal Departamenduaren aldeko lege propoposamen baten eramale izan zen. Eta lehendakaritza hauteskundeetan, bere programako 54. proposamena izan zen Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoarendako egitura instituzionala sortzea.
Alta, 1981. urteko uztailean, Gaston Deferre Barne ministro sozialista hautatu berriak Mitterranden engaiamendua betetzeko Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko eta zibilen delegazio bat errezibitu zuen. Garai hartan Ipar Euskal Herrian eskuina arrunt nagusi zen, eta euskal departamenduaren kontra ziren amorraturik. Hautetsiak kontra izateaz gain, Euskal Herriko gatazka armatua eta gobernu espainol sozialista laguna zutela izan zen argudio Mitterrandek hitza jateko.
31 urte geroago, François Hollande estatuburuak eta Jean Marc Ayrault gobernuburuak ez dute aitzakiarik. Gehiengo zabal politiko eta soziala alde dira, Madrilen ez dute lagunik eta Euskal Herrian gatazka armatua alde bakarrekoa da.
Urrian Marilyse Lebranchu deszentralizaziorako ministroak ordezkaritza bat errezibituko du Parisen. Bizkitartean, irailaren 29an dugu hitzordua Baionako Merkataritza Ganberan, lurralde elkargoaren aldarrikapena ozen ager dadin.
Larrepetit
Aitzakiarik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu