Makrokonspirazioetan adituak konbentzituta daude futbol partidu historikoak jokatzekoak diren egunak aukeratzen dituztela apropos politikoek gizartea asaldatzeko moduko erabaki lazgarrien berri emateko, aurreko, bitarteko eta ondorengo burrunbak egonezina erabat estali ez bada ere, gutxienez disimuluan pasaraziko duen itxaropenetan. Aspaldi honetan, estrategia makurren jokoa gogoko ez duen politikari zintzoren bat balitz ere, ez leukake lan erraza. Egunak baino futbol partidu gehiago izan dira historikoak, eta historikorik izan ez den egunetan, partidu erabakigarriak jokatu dituzte. Hauek ez dira historikoak bezain historikoak, baina ia-ia. Eta askoz ere sarriago.
Oraintxe nahiago nuke makroazterketarako gaitasun hori. Lasaigarria izango litzateke. Albisterik txarrenak jada emanak daudela pentsaraziko lidake, edo bakarren bat geratzen dela oraindik, final historikoren bat gorabehera, baina apenas. Makromundua handi geratzen, ordea, eta mikroarekin konformatu behar. Eta hemen, mundu txikian, konspirazioetatik urruti, egun gogorrak datoz gaurtik aurrera. Akabo futbol denboraldia. Zertan hasi behar dugu orain? Etxera itzuli eta eguna zer moduz joan den galdetzen? Eta galdetzen badigute erantzuten? Lanera iritsi eta zerk kezkatzen gaituen kontatzen? Lankideen arazoak entzuten? Auzokoekin bizikidetza hobetzeko zer egin genezakeen eztabaidatzen? Zertaz hitz egin pentsatzen? Eta inorekin topo egin gabe ere, nola bizi nahi dugun, zer egingo genukeen eta zer ez, zer amets ditugun erabakitzen? Igualeko patxada ematen du geure aldartea hobetu edo okertzeko hamaika lagunek baloiarekin zer egingo bizitzea.
Eta ez. Ez du balio ziklistak hasita daudela eta kontsolatzeko esateak. Ez da gauza bera. Hainbestetatik bakarrak irabazten du eta, gainera, filosofatzen hasiz gero beti ateratzen da sakrifizio hitza.
Larrepetit
Akabo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu