Krisia. Langabezia. Gerrak. Batzuetan, albisteak asmatzeko gogoa ematen du. Ilusioa piztuko diguten berriak. Baikorrak. Ala gutxienez barre eginaraziko digutenak. Adibidez: «Mariasun Landak krokodilo bat aurkitu du ohe azpian».
Interneten badaude albiste onak bakarrik ematen dituzten webguneak. Baita norberak albiste positiboak asmatzeko aukerak ere. «Bukatu da krisia». «Bushek dimititu egin du». «Basagoitik AEKn eman du izena». Ez esan ez dela tentagarria.
Bazegoen tipo bat New Yorken, albisteak asmatzen zituena. Jayson Blair kazetaria. Ehundik gora albiste, asmatuak ala plagiatuak. Batzuk, goitik behera. Besteak, zatika. Izenak eta testigantzak. Egoerak eta gertaerak. Brooklingo bere apartamentutik atera gabe idazten zituen erreportajeak. Norako, eta The New York Times egunkarirako!
Bota egin zuten. Noski. Baina kosta zitzaien! Ia lau urte. Egunkarikoek barkamena eskatu zuten. Lotsatuta agertu ziren. Bi buruk dimititu egin zuten. Eta Blair aberastu egin zen. 500.000 dolarreko kontratua sinatu zuen, liburu bat argitaratzeko: «Nire bizitza The New York Times-en». Ezin jakin 298 orriotan kontatzen duena egia den ala ez.
Komunikabide batzuetan horixe bera egiten dute, oraintxe bertan ere. Gezurrei egiantza eman. Albisteak asmatu. Nahita desitxuratutako gertaerak eta erdizka kontatutako egiak. Fikziozko erreportajeak. Egunero. Blairrek baino disimulu pixka bat gehiagorekin, hori bai. Eta inguruko guztien oniritziarekin.
Ez dira sekula albiste positiboak izaten. Ez digute barregurarik ematen. Justu kontrakoa. Gu kontrolatzeko eta izorratzeko sortutako albisteak dira gehienetan.
Asmatu behar bada, hobe guk asmatzea. Horrela behintzat ondo pasatuko dugu.
Larrepetit
Albisteak asmatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu