Berriro ere, bizirik atera naiz azkeneko martxoaren 8tik. Emakumeen aldeko aldarrikapenek askotan gaixotzen naute. Ez psikologikoki, fisikoki baizik. Hau da, aldarrikapenek ez naute gaixotzen; horiek publikoki sustatzeko egin behar ditudan lanek gaixotzen naute, fisikoki jota bukatzen dudalako.
Hasteko, militantziaren eta lanaren arteko uztarpena, nire kasuan, behintzat, ez direlako beraien artean bereizten.Askotan ezin dut esan noiz nabilen lanean eta noiz militatzen. Azken horri beste abildade propio bat batu behar diogu: ez dudala inoiz ikasi ezetz esaten. Hortaz, martxoaren 8a bezalako ospakizun politikoak 24 ordu baino gehiagoko egunak izaten dira niretzat.
Aurten, ideia batek zeharkatu ditu nire ebaluazio aburuak: martxoaren 8an bertan, ez nion amari deitu zoriontzeko. Ideia obsesibo honek zalantzan jartzen ditu ebaluazioaren ondorio positiboak, ia egindako lan guztia baliogabetzen du.
Amak betidanik erakutsi izan dit gauza garrantzitsuak ondo bereizten. Hobeto esanda, gauza garrantzitsuak gauza txikiekin lotzen. Bere hitzetan, «bizitzarako metodoa behar da, egunero ohitura osasuntsu gutxi batzuk aurrera atera behar dira: loreetan bizitzaren sorrera ikusi, lanera joan, liburu baten orri gutxi batzuk irakurri, maite duzun norbaitekin ardo bat hartu...». Azken finean, ohitura txiki horiek dira norberaren bizitza sendotzen dituzten gauzak.
Ekitaldi handiak oso iragankorrak dira, ez dute batere irauten. Mundua ez da aldatzen gauza handiak puntualki eginez, eguneroko ohitura sendoak sortuz baizik.
Eta nik, martxoaren 8 honetan, niretzako esanguratsuena, maiteena eta osasuntsuena zen ekintza txiki hori ez nuen egin, ez nion amari deitu bere egunean zoriontzeko.
Larrepetit
Ama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu