Julio Soto.
Larrepetit

Argitxo

2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Izerdi patsetan sartu naiz etxera. Ez dakit zer arraio gertatzen zaion igogailuari. Seguru nago eskaileretatik igotzea osasuntsua zela esan zuena ez zela seigarren pisuan bizi. Goseak amorratzen nago. Ohatze gainera bota dut motxila. Gero hustuko dut. Ez daukat sukaldatzeko gogorik. Badago zopa hondar bat hozkailuan. Huraxe berotuko dut mikroondasean. Barka, mikrouhin labean. Nik uste minutu batekin nahikoa izango duela. Beroegia ere ez zait gustatzen. Harritzekoa! Platerik ez da mugitzen. Ez dut ba hotza jango! Tortillatxo bat egingo dut. Eta gainean gazta. Bi arrautza irabiatu ditut. Jarri dut su gainean zartagina. Bi olio tanta. Argiñanok bezala. Indar erdian jarriko dut. Baina tortilla ere beste baterako. Suaren argitxoa argitxorik gabe. Basokada bat esne. Eta hamar gaileta.

Sofan etzan naiz luze-luze. Mantapean. Ea eguerdiko albisteek zer dioten. Mando madarikatu hau. Berriz ere pilak agortu zaizkio. Ba ez. Ez dira pilak. Teknikoari hots egin beharko diot. Lo kuluxka bat egiteko aprobetxatuko dut. Baina kia! Ez naiz logale. Irratian entzungo ditut berriak. Ordu biak bi minutu gutxi oraintxe. Eta bitartean, katilua garbitu. Alferrik. Gaur denak nire kontra daude.

Etzirako entregatu behar dut unibertsitateko lana. Ahaztuta neukan. Propioa ahaztuta. Gaixotasun komuna da ikasleongan. Kronifikatua. Umetatik ematen digute botika. Baina ezin. Beti azken orduan. Halabeharrak jarrarazi nau logelako aulkian. Parean, ordenagailua. Ez denbora faltak. Etzi, etzi da. Botoia zanpatu dudan laugarren aldian konturatu naiz argitxoa argitxorik gabe dagoela. Boligrafoa eta paper zuria aldamenean. Baina ez naute sobera tentatzen.

Hustu dut motxila. Busti-bustita dago. Beti ahazten zait arropa zikina plastikozko poltsa batean sartzea. Galtzontzilloak eta galtzerdiak labadorara. Pote bete Ariel. Baina argitxoa argitxorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.