Bere burua aspertzen duenak daki benetan zer den aspertzea. Gainontzeko asperdura guztiak eramangarriak dira. Norberarena, eramanezina eta eraman beharreko aldi berean. Buruak lepoari lotua jarraitzea nahi izanez gero, behintzat. Entretenitzeko ariketa: hartu joan den asteko hitzak, eta errepikatu, protagonistak aldatuta.
«Politikoak. Elkartu dira arratsalde pasa. Batek zinera nahi du. Beste batek nahiago zerbait hartu eta bueltaxka bat eman. Gainontzeko hirurei igual zaie. Gehiengoak zer, harekintxe konforme. Bakoitzak bana konbentzituko du. Bik zinera nahi; beste bik zerbait hartzera. Bosgarrenari bost. Eta, aurrekoren batean izandako istilua gogoan, ez batzuen alde, ez besteen alde. Musean jokatzeko aukera mahai gainera.
»Azkenean ez zine, ez bueltaxka, ez mus partida. Eztabaidan arratsalde pasa. Elkarri leporatuz amore eman ez izana eta beste arratsalde bat ezer egin gabe galdu izana. Eta hurrengoan ez da hobea izango. (...)
»Ez da garrantzitsua. Ez du mundua aldatuko politikoak beste arratsalde batez planik gabe geratzeak. Baina politikoz osatutako makineria bat besterik ez da mundua. Hala doakigu. Makineriak behar bezala funtzionatuko badu, ideia zoragarriak izan, negoziatu, amore eman eta adostasunetara iristeko gaitasuna duen jende premia izugarria antzematen da».
Amaitu da ariketa. Zutabea ere bai. Asperdurak ez du alde egin. Okerragoa: asperdura sintomek bere arrazoia dutela jabetzeko balio izan du. Eta hori ez da hobea. Hitzek zehatzak behar dute izan. Ezin dezakete honetarako eta hartarako balio. Ez da harritzekoa beti hitz beretsuak erabilita konformatzen den burmuina asperdurak jotzea. Eskerrak burmuinak jabearekin leial jokatzen duen, aspertuta ere: «Ei! Ez desanimatu! Kuadrillak eta politikoak dira aspergarriak! Edozein aspertzeko adinakoak».
Hurrengoan ez kuadrillarik, ez politikorik.
Larrepetit
Ariketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu